2021eko Euskampus Bordeaux Eguna

2021eko Euskampus Bordeaux Eguna

2021eko EUSKAMPUS BORDEAUX EGUNA egin da Tabakaleran (Donostia). Topaketan, mugaz gaindiko lankidetza laborategi berri bat aurkeztu da: ComorPD (Comorbidities in Parkinson´s Diseases).

2021eko edizioa

ComorPD LTC berriak, Laboratory for Transborder Cooperation in Non-motor CoMorbidities in Parkinson’s Disease, parkinsona aztertuko du. Hain zuzen ere, gaixotasunak eragiten dituen arazo motorren eta ez-motorren oinarri neuronalak deszifratzen saiatuko da; hau da, mugimendu arazoak eta alterazio neuropsikiatrikoak, besteak beste. Proiektuaren arduradunak Cristina Miguélez (UPV/EHU) eta Jérôme Baufreton (Bordeleko Unibertsitatea) dira. Mugaz gaindiko lankidetza laborategiei esker, Euskadiko eta Bordeleko ikertaldeek batera lan egin dezakete, eta emaitza zientifikoen balio erantsia handitu. Laborategi honekin, osasun arloko lehenengoa, dagoeneko bost LTC daude abian. Beste lauek eskala kuantikoko kimikan eta fisikan, fabrikazio aurreratuan, matematika aplikatuan eta hormigoi jasangarrietan ikertzen dute.

Aurten, Euskampus Bordeauxek Donostian, Tabakaleran, egingo du bere komunitatearen topaketa, aurrez aurre, formatu berritu batean. Urriaren 28an eta 29an egingo den bi jardunaldi erdiko programan parte hartuko duten guztien interakzioa eta parte-hartzea sustatuko da.

Hamar urteko ibilbidearekin, 2021eko Euskampus Bordeaux Eguna une pribilegiatua izan zen, ezbairik gabe, baterako mugarri nagusiak errepasatzeko, komunitate honen ezaugarriak balioesteko eta mugaz gaindiko lankidetzen ondorioz garatzen diren 20 proiektu enblematiko baino gehiago bateratzeko.

Ekitaldian, osoko bilkurak (streaming bidez zabaldu ziren publiko zabalago batentzat), parte hartzeko lantegiak (edizio hartako berritasuna) eta topaketa sozial eta kulturalerako uneak izan ziren. Programaren berritasun hori aurreko edizioetako parte-hartzaileen eskaerari erantzuteko sartu da; hau da, espazio batean interakzioan aritzeko aukera jasotzea, elkar hobeto ezagutzeko, topaketa testuinguruan kokatzeko eta lankidetza sareak ehuntzen jarraitzeko; azken batean, harreman pertsonal-profesional irmoetan oinarritzen dira horiek. Pertsonak dira mugaz gaindiko lankidetzaren etorkizuna eraikitzen dutenak, eta erakundean uste dugu garrantzitsua dela gizarte kohesio multikultural, eleaniztun eta diziplinartekorako espazioak partekatzea.

Batera sortzea eta konektatzea, guztion onerako da Euskampusen goiburua, eta une pribilegiatua izan zen hura Euskampus 2016az geroztik diziplinaz gaindiko lankidetzari buruz egiten ari den hausnarketaren fruitua praktikan jartzeko. Diziplinen eta proiektuen arteko elkarrekiko aberaste espazio horrek jarduera esperimental baten itxura hartu zuen, eta baterako proiektu bati aurre egiteko orduan ikuspegi desberdinen artean sortzen den sinergia egiaztatu ahal izan genuen. Ziur gaude kalitatezko diziplinartekotasunak ikaskuntza, konexio eta proiektu berrien espiral birtuosoa sortzen duela.

“Mugaz gaindiko testuinguruetan, eleaniztunetan, kulturartekoetan eraikitzen” urriaren 28an egindako parte hartzeko lantegia Euskampus Bordeaux komunitatearen kultura, hizkuntza, erakunde eta diziplina aniztasunari balioa emateko gune bat izan zen. Hori izan da goi mailako hezkuntzaren mugaz gaindiko testuinguru bat batera eraikitzeko oinarria. Espazioa errazten dugu, gure identitate ugariekiko harremana errazteko, gizarte kohesio horrek aukera eman dezan erronkei heltzeko eta etorkizunean lankidetza bideak irekita izateko.

Gainera, bi unibertsitateetako gradu, master eta doktoregoko 10 ikaslek bat egin dute euren proiektua topaketaren bigarren egunean 180 segundoan aurkezteko erronkarekin. Edizio honetan, gaztelaniaz, frantsesez eta euskaraz eman ahal izan da dibulgazio formatu horretarako prestakuntza, eta lehen aldiz hiru hizkuntzetan egin ziren aurkezpenak, unibertsitateko hezkuntza-espektro osoa (gradua, masterra eta doktoregoa) lehen aldiz betez.

Zientzia irekiaren alde ere egin da, eta, urriaren 29an, “proiektuen plaza” bat proposatu zen. Bertan, publikoak Euskampus Bordeaux komunitatearen proiektuak modu interaktiboan eta parte hartzailean ezagutzeko taldeak osatu zituen. Proiektuen plazan, komunitateen, elkarlaneko ikertaldeen, Euskampus Resilience COVID-19 programaren eta mugaz gaindiko ikerketa laborategien proiektuekin topaketak egitea ahalbidetu zuten ibilbideak definitu ziren.

Hona hemen Euskampus Bordeaux komunitatearen baterako jardueren multzo zabalaren 20 ekimen baino gehiagoren lagin txiki baten aurkezpena, bi unibertsitateek eta Tecnalia eta DIPC bazkideek dituzten lankidetzen aniztasuna erakusten duena:

  • Jakintzaren komunitate bat (Fotonika)
  • Baterako lau laborategi (Adimen artifiziala, Energia berriztagarriak itsas ingurunean, Garapen farmazeutiko aurreratuak eta Hormigoi jasangarrien diseinua)
  • Baterako lau titulazio (Itsasoko baliabideak, Inguruneko ekotoxikologia, Polimeroen zientzia eta teknologia, Sare elektriko adimendunak)
  • COVID-19arekiko erresilientzia izeneko Euskampus programako sei proiektu
  • Era guztietako bost proiektu: sareak, hezkuntza berrikuntza, ikerketa, etab.

Amaitzeko, esan behar da, edizio honetan, jarduera ludiko eta kultural bat egiteko aukera ere egon zen, Chillida Leku Museoan. Parte-hartzaileek bisita gidatu bat egin zuten museo paregabe batean –artelan handi bat da–. Bertan, arteak eta naturak euren kabuz egiten dute bat, modu naturalean. Eskulturek paisaiarekin bat egiten dute, betidanik haren izango balira bezala. Lorategian, pagoak, haritzak eta magnoliak altzairuzko eta granitozko eskultura monumentalekin batera bizi dira, elkarrekin; ingurumenarekin elkarrizketa perfektua izateko moduan kokatuta daude eskulturak. Pertsonek artearekin eta naturarekin interakzioan aritzeko une liluragarri bat izan zen.

Itxierako saioan, Manuel Tuñón de Lara omendu da, Bordeleko Unibertsitateko errektore gisa hark sustatu baitzuen mugaz gaindiko campusaren proiektua hasieratik, eta, orain, haren azken agintaldia amaitzera doa. Itxierako saioan, hauek hartu dute parte: Eva Ferreira, Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea; Manuel Tuñon de Lara, Bordeleko Unibertsitateko errektorea; Ricardo Diez, DIPCko zuzendaria; Jesús Valero, Tecnaliaren zuzendari nagusia; eta Miren Artaraz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendaria.

Hau esan zuen Tuñon de Larak Kresala taldeko dantzari bikote baten emanaldiaren ondoren: “Asmo handiagoa izan behar da, ezagutza eta berrikuntza lurraldearen benetako ardatz bihur daitezen”.

Donostiako Orfeoiaren emanaldi bikain batek eman zion amaiera abangoardiako mugaz gaindiko ikerketa euskal artearekin eta kulturarekin uztartu zituen topaketa honi.

 

Eman begiratu bat 2021eko Euskampus Bordeaux Egunaren bideoari!

Euskampus Fundazioa-ren isotipoa