Cine y ciencia

DIPCeko "Zinema eta Zientzia" zikloaren bederatzigarren edizioa

‘Zinema eta Zientzia’ zikloaren bederatzigarren edizioak gizatasunaz, naturaz eta etorkizunaz hausnartzea proposatzen du

Zikloa gaur bertan abiatuko da ‘El planeta de los simios’ filmaren proiekzioarekin. Pelikula hau zientzia fikzioaren iraultzaile klasiko bat da, eta aukera ematen du gizateriaren aurrerapen eta atzerapausoei buruz eta bilakaera autoritarioei buruz hausnartzeko. Aurten ere jarduera paraleloak egongo dira, hala nola Ginés Morata biologo eta Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko Asturiasko Printzesa Sariak emango duen hitzaldi bat, eta Pilar Palomero zinemagilearekin eta Ander Urrutikoetxea onkologoarekin egingo den mahai-inguru bat. Urtarriletik martxora bitartean Gasteizen, Donostian, Bilbon, Iruñean eta Donibane Lohitzunen egingo diren emanaldietan hogei bat zientzialarik eztabaidatuko dute publikoarekin.

Urte berriaren hasierak ‘Zinema eta Zientzia’ zikloaren itzulera dakar. Bederatzigarren edizio honetan, munduarekin dugun harremanean eragina izan duten gai zientifiko eta humanistiko garrantzitsu batzuk aztertzera gonbidatzen ditu ikus-entzuleak programak. Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Center-ek (DIPC) eta Donostiako Zinemaldiak antolatuta, zikloa bere ohiko egoitzetara itzuliko da Gasteizen (Artium Museoa), Donostian (Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa), Bilboko Arte Ederren Museoan (gaur egun EHUko Bizkaia Aretoa-Sala Mitxelena), Iruña (Golem Baiona zineman) eta Donibane Lohitzunen (Cinéma Le Sélect). Zikloak hainbat diziplinarekin, hala nola biologiarekin, fisikarekin, ekologiarekin, antropologiarekin, matematikarekin edo etika garaikidearekin, hitz egiten duten filmak proposatzen ditu.

Hala jakinarazi dute gaur Tabakaleran egindako prentsaurrekoan Ibone Bengoetxea lehen lehendakariordeak eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak; Juan Ignacio Pérez Iglesias, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak; Joxean Fernández, Euskadiko Filmategiko zuzendariak; eta Ricardo Díez Muiño, DIPCko zuzendariak. Halaber, Pedro Miguel Etxenike, DIPCko presidentea; Miguel Zugaza, Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria; Maialen Beloki, Donostia Zinemaldiko zuzendariordea; Beatriz Herráez, Artium Museoko zuzendaria eta Edurne Ormazabal, Tabakalerako zuzendari nagusia izan dira.

 

cine y ciencia
Irudia @DIPC

Ikusi egitaraua hemen.

Hasteko, Bengoetxeak erakunde eta agente desberdinen arteko elkarlana azpimarratu du, zinemaren eta zientziaren kulturen transmisioan, Ziklo honen bidez: “Kultura eta zientzia gizarte kohesiorako tresna bi dira. Proiektu honetan, biak batu egiten dira ezagutza, pentsamendu kritikoa eta gizarte-baloreak eraikitzeko. Zientzia eta Zinea lotzen direnean, zientzia hizkuntza irisgarria bihurtzen da, gertukoa, ulergarria, eta gizarte eraldaketarako tresna indartsua bilakatzen da”.

Pérez Iglesiasek esan duenez, “zientzia, noski, norberak aurkitzea espero duen tokian agertzen da. Baina, era berean, eta ez gutxitan, gutxien espero den tokian. Zinemak, berriz, fenomeno naturalak, animalien jokabideak, giza ezaugarriak, pertsonen arteko harremanak, gizarte-aldaketak eta -gatazkak, eta gure munduko eta gure bizitzetako hainbat eta hainbat alderdi erakusten dizkigu. Beraz, ez gintuzke harritu behar zinema-lan askotan zientziak zeresan handia duen gertaerak, argumentuak eta gorabeherak agertzen badira”.

Díez Muiñok, berriz, hau azpimarratu du: “Ziklo honetan eta zinemarekin duen harremanetik abiatuta, zientziarekiko eta gizartean duen eraginarekiko bestelako hurbilketa bat proposatzen dugu. Filmak aurrerapen zientifiko eta teknologikoei aurre egitean giza adimenean agertzen diren ideia, kezka, interes, utopia eta distopia askoren isla eta pizgarri dira. Fikziozko obrek oso arazo konplexuak humanizatu ditzakete, ikuspegi tekniko hutsaz bestelako ikuspegiak proposatuz”.

Amaitzeko, Fernandezek gogorarazi du zikloaren espiritua bere horretan mantentzen dela hasieratik: “‘Zinema eta Zientzia’ zikloaren bitartez ikusten dugu hizkuntza zinematografikoak zientziaren edertasuna erakusten duela, pentsamendu zientifikoaren unibertsaltasunak pantailetatik hunkitzen gaituzten mugimenduan dauden irudi ederren gainean argia botatzen laguntzen duen aldi berean”. Gainera, bederatzigarren edizio honetan ere pluraltasunaren aldeko apustua egin dela aurreratu du, “batzuetan zientziaz esplizituki hitz egin gabe, begirada zientifikoa ahalbidetzen duten filmen alde”.

PELIKULAK

Zikloa gaur bertan abiatuko da Gasteizen, El planeta de los simios filmarekin. Pelikula hau zientzia-fikzioaren iraultzaile klasikoa da, eta gizateriaren aurrerakada eta atzerakadei eta bilakaera autoritarioei buruz hausnartzeko aukera ematen du. Baita, Susan Sontag-en hitzetan, “triskantzak eta nahasketak eman diezazkiguketen edertasun bereziei” buruz ere. Filma Juan José Gómez Cadenas DIPCko fisikari, idazle eta Ikerbasque irakasle ikertzaileak aurkeztuko du gaur arratsaldeko saioan eta bihar Iruñekoan; Donostian (hilak 9) eta Bilbon (hilak 10), berriz, Pedro Miguel Etxenike Asturiasko Printzearen Saria eta DIPCko lehendakariak aurkeztuko du.

Lehen proiekzio horren ondoren, Haur basatia filma izango da ikusgai, François Truffaut zuzendari frantsesak filmatu zuen haur basati baten istorioa, ikus-entzuleak gizatasunaren, afektuen eta hizkuntzaren aurkikuntzaren emoziora hurbiltzeko. Bestalde, Sare soziala filma David Fincher zuzendariaren eta Aaron Sorkin gidoilariaren sare sozialen jatorriaren erretratua da, eta ikus-entzuleak gaur egungo denbora definitzen duen abiapuntu batera eramango ditu.

Animalien portaeraren eta arrisku kolektiboaren lurraldera ere bidaiatuko du zikloak Hitchcocken Los pájaros pelikularekin. Filmak sena, beldurra eta batzuetan gainezka egiten duen ingurunearekiko giza harremanari buruzko irakurketa zientifikoak eragiten jarraitzen du. Aldi berean, Emakumeak Zientzian programaren barruan, Sisters with Transistors filma proiektatuko da. Musika elektronikoaren emakume aitzindarien istorioa azpimarratzen du filmak.

Dimentsio biologiko eta etikoa indar bereziz agertuko da La mosca filmean, Cronenbergen drama, mutazioari, gorputzaren mugei eta esperimentazioari buruzko hausnarketa ahalbidetuko duena.

Umorea, berriz, Irakasle Zoroaren eskutik helduko da, eta La Voie Royalek, berriz, matematikarekiko duen talentuak eta interesak aurretik iragarrita ez zirudien bideetatik eramaten duen neska gazte baten istorioa kontatzen du.

Amaitzeko, zikloa bizitzaren amaierari buruzko hausnarketan murgilduko da Los destellos filmarekin; Europako oroimenean Hirugarren gizonarekin; gogoeta antropologikoan La balada de Narayamarekin; eta sentsibilitate ekologiko eta futuristan Nausicaä del Valle del Vientorekin. Azken horrek itxiko du edizioa eta, era berean, Donostia, Bilbo eta Gasteizko eskola-saioen protagonista izango da.

AURKEZPENAK

Hilabete hauetan zehar, film bakoitza DIPCko, EHUko, ikerketa-zentroetako eta biologia, kimika, akustika, antropologia edo filosofia bezalako esparruetako espezialistek aurkeztuko dute.

Hain zuzen ere, aurkezleak lehenago aipatutako Pedro Miguel Etxenike eta Juan José Gómez Cadenas izango dira; horiez gain, honako hauek parte hartuko dute: Amaia Carrión-Castillo (Hezkuntza Neurozientzian eta Garapenaren Nahasmenduetan Ikerbasque ikertzailea BCBLn); Antonio Casado da Rocha (EHUko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Saileko ikertzaile iraunkorra); Juan Ignacio Pérez Iglesias (Biologian doktorea, EHUko Fisiologiako katedraduna eta gaur egun Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate, Zientzia eta Berrikuntzako sailburua); Gabriel Berasategui (biologoa); Mónica Bello (Arts at CERNeko zuzendari ohia); Lorea Argarate (teknologoa, dibulgatzailea eta musikaria, Gladys saria jaso duena); Ginés Morata (biologoa eta Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko Asturiasko Printzesa Saria); Beatriz Díaz (Biologian doktorea eta entomologian aditua, gaur egun Aranzadin dihardu); Xabier López (kimikaria, EHUko katedraduna eta DIPCko kide elkartua); Eva Ferreira (Ekonomia Aplikatuko katedraduna eta EHUko errektore ohia); Ander Urrutikoetxea (Osakidetzako Gipuzkoako Minbizi Unitateko onkologoa eta GEICAMeko presidentea); Pilar Palomero (zinema-zuzendaria eta gidoilari ospetsua); Itziar Alkorta (Biokimikan doktorea EHUn ); María Jesús Goikoetxea Iturregui (Giza Eskubideetan doktorea); Aitzpea Leizaola (Gizarte Antropologian doktorea eta EHUko Antropologiako master ofizialeko zuzendaria); Ibone Ametzaga (EHUko Ekologiako irakaslea) eta Bosco Imbert (Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekologiako ikertzaile eta irakaslea).

Programa Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean proiektatuko da oso-osorik, eta Donibane Lohizunen, berriz, Haur Basatia, Sare soziala, La mosca, Hirugarren gizona, La balada de Narayama eta Nausicaä del Valle del Viento ikusi ahal izango dira.

BESTE JARDUERAK

‘Zinema eta Zientzia’ zikloaren bederatzigarren edizioak bestelako jarduera paraleloak ere jasotzen ditu. Alde batetik, otsailaren 12an, 18:00etan, Tabakalerako Z Aretoan, hau da, Donostian La mosca filmaren proiekzioaren aurreko egunean, Ginés Morata biologoak, 2007an Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko Asturiasko Printze Saria jaso zuenak, hitzaldi bat eskainiko du, filmak planteatzen dituen auziak publikoarekin batera sakontzeko.

Bestalde, martxoaren 6an, 18:00etan ere, Tabakalerako Z aretoan eta Biogipuzkoarekin lankidetzan, ‘El final de la vida: literatura, cine y ciencia’ izeneko mahai-ingurua egingo da, Pilar Palomero eta Ander Urruticoechea protagonista direla. Mahai-inguruak Palomerok berak zuzendutako Los destellos filmarekin lotutako gaiak jorratuko ditu, eta Itziar Vergarak, IIS Biogipuzkoako zuzendari zientifikoak, moderatuko du.

Sarrerak Tabakalerako, Artium Museoko, Bilboko Arte Ederren Museoko webguneetan eta leihatiletan, baita Le Sélect eta Golem-Baiona zinemenetan ere, eskuratu ahal izango dira. Sarrera bakoitzaren prezioa 3,50 eta 6 euro bitartekoa izango da, deskontuak kontuan izan gabe. Horrez gain, hitzaldia eta mahai-ingurua doakoak izango dira, eta sarrera librea izango da aretoa bete arte.

Informazio guztia www.filmoteka.eus webgunean aurki daiteke. 

Sarrerak erosi hemen.

Partekatu

Euskampus Fundazioa-ren isotipoa

HARPIDETU NEWSKAMPUS-EAN

eta gure azken berriak posta elektronikoz  jasoko dituzu

Pribatutasun politika irakurri dut, eta onartzen dut.