Euskararen Nazioarteko Eguna - Linguistikoki eta kulturalki egokiak diren osasun zerbitzu profesionalak
  • Bloga

Euskararen Nazioarteko Eguna - Linguistikoki eta kulturalki egokiak diren osasun zerbitzu profesionalak

Abenduaren 3an, Euskara Nazioarteko eguna ospatzen dugu. Post honetan, Jon Zaratek (UPV/EHUko Euskara Errektoreorde ohia, 2014-2021) euskarak duen garrantziaz osasun arloko komunikazioan hausnarketa egiten du. Azken finean, berak aipatzen duen bezala: paziente eta profesionalen artean komunikazioa funtsezkoa da, eta horretarako biek hizkuntza bera hitz egitea lehenesten da, hizkuntza eta arretaren kalitatea banaezinak dira!

2017ko ekainean antolatu genuen EHUko Uda Ikastaroen aterkipean lehenengo ikastaroa: Osasuna eta Hizkuntza; ondoren beste lau edizio egin ditugu. Aramaioko familia medikua den Aitor Montesek eman zigun ideia. Aitorrek argi ikusten zuen Akademiatik ebidentziak mahaigaineratu behar zirela gai honetan. Momentu hartan ezagutzan oinarritzen ez den beste giro batzuetako eztabaida bihurtua zen euskarak osasun arretan izan behar zuen paperari buruzko afera. Argi geneukan “zer nahiago: osasun profesional ona ala euskalduna?” galdera oker formulatuta zegoela, antzua zela eta gure hiztegitik ezabatzeko arrazoi akademiko zeintifikoak proposatu behar genituela. Horri buelta eman nahi genion eta horretarako estrategia diseinatzen hasi ginen.

"Paziente eta profesionalen artean komunikazioa funtsezkoa da, eta horretarako biek hizkuntza bera hitz egitea lehenesten da".

2019-20 ikasturtean pausu esanguratsua eman genuen. Aitor Montes animatu genuen doktorego programan izena ematera eta bere tesi proiektua inskribatzera (Hiztun aktiboak osasungintzan: ebidentziatik ezarpenera). Bidea ederra izaten ari da, asko ikasten ari gara. Proiektuak sortzen digun ilusioaz gain, badakigu gurea bezalako eremu eleaniztun eta multikultural bateko gizartearentzako inpaktu berezia izan dezakeen proiektua dela. Proiektu honek hizkuntza osasunaren deteminatzaile bezala hartzen du. Osasunaren determinatzaileak, Osasunerako Munduko Erakundearen (OME) arabera, “norbanakoaren edo giza-taldeen osasun-egoera baldintza dezaketeen aldagai politiko eta sozialak, edo ingurumen-aldagaiak” lirateke. Paziente eta profesionalen artean komunikazioa funtsezkoa da, eta horretarako biek hizkuntza bera hitz egitea lehenesten da, batik bat pazientean ardazturiko arreta lortu nahi bada. Zerbitzua erabiltzailearen hizkuntzan ez emateak ondorio latzak ekar ditzake.

Goazen gaia arreta farmazeutikoan zentratzera.

Aspaldidanik, farmazia komunitarioak aldaketa handiko garaiak bizi ditu. Historian zehar farmazialariok eboluzionatu egin dugu, hasieretan sendagaiak lantzetik gaur egun pazienteei banatzera pasatu gara. XXI. mendeak medikamenduen banaketatik haratago urrats berriak eskatzen dizkio farmazialari komunitarioari: gizartean botiken erabileraren igoerak pazienteen behar berriei erantzuteko zerbitzu profesionalak ematera behartzen du. Behar horien artean, besteak beste, medikamentuen erabilera desegokiari lotutako morbimortalitatea murriztea eta gaixotasunak prebenitzea nabarmentzen dira. Argi dago botikek eragindako morbimortalitatearen jaitsiera ezin dela sendagaiak behar bezala emanez bakarrik lortu, eta farmakoterapiarekin lotutako farmazia zerbitzu berriak eman behar direla. Azken batean, farmakoterapiarako sarbidea modu egokian bermatu behar da, tratamenduekiko pazientearen ulermena eta atxikidura bermatu behar dira, bai eta pazienteak hautemandako emaitzak monitorizatu ere.

Euskararen Nazioarteko Eguna - Linguistikoki eta kulturalki egokiak diren osasun zerbitzu profesionalak

Era berean, bai Nazioarteko Farmazia Federazioak (FIP), bai OMEk adierazi dute ez dagoela etorkizunik dispentsazioan soilik oinarritzen den farmazia komunitarioarentzat. Azken hamarkadetan, munduko ia herrialde guztietan, farmazia komunitarioa Zerbitzu Profesional Farmazeutikoen (ZPF) eredurantz eboluzionatzen ari da. Sociedad Española de Farmacia Comunitaria-k (SEFAC) farmazia komunitarioak datozen urteetan ezarri eta garatu beharreko ZPFei buruzko planteamendua plazaratu zuen 2013an. SEFACen arabera, ZPFen kalitatea bermatzeko, horiek guztiak beren lan-prozedura normalizatuei jarraituz egin behar dira, SEFACek baliozkotuta eta kalitatea kanpotik gainbegiratzeko programa baten pean.

Era berean, indarrean dagoen araudiaren arabera, ZPFen prestazioan, profesional sanitarioek pertsonen nortasuna, duintasuna eta intimitatea errespetatu beharko dituzte, eta hartzen dituzten erabakietan pazienteen parte hartzea bermatu beharko dute. Nolanahi ere, pazientearentzako informazio nahikoa eta egokia eman beharko dute, erabaki horiei buruzko adostasuna lortzeko eskubidea balia dezaten. SEFACen proposamenari inolako baliorik kendu gabe, eta indarrean dagoen araudia errespetatu behar bada, SEFACen proposamenak hutsune garrantzitsua du gurea bezalako eremu eleaniztun eta multikultural batean FZPen gorengo kalitatea bermatu nahi bada: zerbitzu horiek ezinbestean kulturalki eta linguistikoki egokiak izan behar dutela eta nazioarteko estandarrak aintzat hartu behar dituztela. https://thinkculturalhealth.hhs.gov/clas; https://www.ahrq.gov/sdoh/clas/index., html; https://healthequity.wa.gov/).

Hizkuntza eta arretaren kalitatea banaezinak dira! Pazientea da ardatz, ez osasun profesionala, eta arreta pazienteen egoerari eta izaerari egokitu behar zaio, nahitaez: adina, egoera soziala, ingurunea, sinesmenak, erlijioa, jatorria, sexua, eta baita hizkuntza eta kultura ere. Bukatzeko Aitor Montesen hitzak ekarri nahiko nituzke: ez dago diabetes mellitus bat, baizik eta diabetes mellitusa duen pertsona bat.

Jon Zarate, 2021.

Bibliografia

Partekatu

Euskampus Fundazioa-ren isotipoa

HARPIDETU NEWSKAMPUS-EAN

eta gure azken berriak posta elektronikoz  jasoko dituzu

Pribatutasun politika onartzen dut.