Ruth Mayoralek Euskadiko diseinuaren sektoreko prestakuntza beharren diagnostikoaren lehen emaitzak aurkeztu ditu DISEINUZen
KSIgune klusterreko arduradunak sektorearen etorkizunerako erronka nagusiak identifikatu zituen Bilbon partekatu zuen analisian: pentsamendu estrategikoa, unibertsitatearekiko lotura eta adimen artifizialaren erabilera kritikoa, besteak beste.
KSIgune-ko arduradunak Bilbon partekatu zuen analisian sektorearen etorkizunerako erronka nagusiak identifikatu zituen: pentsamendu estrategikoa, unibertsitatearekiko lotura eta adimen artifizialaren erabilera kritikoa, besteak beste.
Azaroaren 19an eta 20an, DISEINUZ izan zen Bilbon, eta diseinuko profesionalak, enpresak, erakundeak eta ezagutzaren eragileak bildu ziren nazioarteko topaketa horretan, ekonomia, enpresa mundua eta gizartea eraldatzeko tresna estrategiko den aldetik, diseinuak betetzen duen eginkizuna aztertzeko.
Testuinguru horretan, Euskampus Fundazioaren Goi mailako Hezkuntza Programen arduradun Ruth Mayoral aditu hizlari gisa aritu zen azaroaren 19an prestakuntzari eta gazte talentuari eskainitako saioan, eta, KSIgune klusterraren esparruan, EIDErekin elkarlanean egindako diseinuaren sektoreko prestakuntza beharren diagnostikoaren lehen emaitzak aurkeztu zituen.
Ruth Mayoral: «Diseinua da Euskadiko kultura eta sormen sektorerik espezializatuena (sektoreak euskal ekonomian duen garrantzia Espainian duena baino ia bost aldiz handiagoa da), baina prestakuntza handiagoa eskatzen du sektoreak bi arlo zehatz hauetan: estrategikoki pentsatzea eta diseinuari balioa ematea enpresan. Euskadik sektore hau indartzeko aukera du, oinarrizko gaitasunetan etengabeko prestakuntza garatzeari eta ikerketa bultzatzeari esker.»
Pentsamendu estrategikoa, bultzatu beharreko oinarrizko gaitasuna
KSIgune - Euskadiko Kultura eta Sormen Industrientzako Goi Mailako Hezkuntza eta Ikerketa Klusterra, diagnostiko bat egiten ari da prestakuntzari eta ikerketari buruz, Euskal Diseinuaren Elkartearekin (EIDE) eta sektoreko profesionalekin elkarlanean. Lehen emaitzak diagnostikoaren lehen ekintzetako batean oinarritzen dira; hain zuzen ere, 2026an sektoreko eragileei zuzendutako galdetegia, zeinak dagoeneko lehen datu interesgarriak eman baititu:
- Estrategia, gainditu gabeko ikasgaia. % 74k pentsamendu estrategikoa diseinuko bost gako gaitasunetako bat dela diote, eta % 67k tituludun berrien artean gutxien garatutako gaitasunetako bat dela identifikatzen du. % 21ek baino ez dute uste prestakuntzaldian behar besteko trebakuntza jaso zutela gaitasun horretarako.
- Etorkizuneko profil hibridoak. Diseinu estrategikoa (% 64) eta diseinuaren eta negozioaren konbinazioa (% 54) dira proiekzio handieneko lanbide profil garrantzitsuenak, eta jarraian datoz AAn espezializatutako diseinua (% 46) eta pertsona-AA interakzioa (% 38).
- Prestakuntza eskaintza zabala, baina diseinuan espezializatutako ikertalderik ez. Euskadin diseinuarekin lotutako goi mailako 22 titulu daude, baina ez dago esparru horretara berariaz bideratutako ikertalderik. Diagnostikoan, gainera, ikerketako eta transferentziako bost gaitasun identifikatzen dira.
- Lankidetza maiz, baina intentsitate txikikoa. % 72k goi mailako hezkuntzako zentroekin lankidetzan aritu dira, eta % 89k positiboki baloratzen dute esperientzia hori. Hala ere, lankidetza hitzaldietan batik bat metatzen da (% 72); aldiz, ikerketa aplikatuak % 17 eta programen kodiseinuak % 10 osatzen dute.
Emaitzak behin-behinekoak dira, eta 2027an jarraituko duen diagnostikoaren parte dira; izan ere, elkarrizketak, foku-taldeak eta ikerketarako topaketa espezifiko bat egingo dira sektorearen ikerketarako gaitasunen analisia osatzeko.
KSIgune, ezagutza, talentua eta sormena konektatzen
DISEINUZ ekitaldian parte hartzeak KSIgune klusterraren lana nabarmentzen du, unibertsitatearen, ikerketaren, enpresen eta kultura eta sormen eragileen arteko konexio plataforma den aldetik.
Euskampus Fundazioak bultzatuta, KSIgune-k ekosistema bat artikulatzen du, 27 fakultate eta eskola, 3.233 irakasle eta ikertzaile, 239 prestakuntza programa eta 37 ikertalde biltzen dituena. Bere jarduerak lankidetzako proiektuak, ezagutzaren transferentzia eta berrikuntza sustatzen ditu, Konexioak eta horren antzeko ekimenen bitartez.
Gainera, KSIgune esperientzia aitzindaria da Europa osoan: 2024an Kultura eta Sormen Industrien esparruko Europako lehen Regional Skills Partnership (RSP) izan zen.
DISEINUZ bezalako espazioetan egoteak aukera ematen du euskal ekosistematik sortutako ezagutza partekatzeko, diseinuaren etorkizunari buruzko eztabaidetan ekarpenak egiteko eta goi mailako prestakuntzaren, ikerketaren eta enpresa sarearen arteko konexioa indartzeko.
Fotografías: EIDE-DISEINUZ
DISEINUZ
HARPIDETU NEWSKAMPUS-EAN
eta gure azken berriak posta elektronikoz jasoko dituzu