EBE2023

Euskampus Bordeaux Eguna 2023

2023ko azaroaren 13an eta 14an Euskampus Bordeaux Eguna ospatuko da Bilbon, Euskampus-Bordeaux Campusaren komunitatearen urteroko topaketa.

Euskampus Bordeaux Eguna 2023-ren irudiak ikusi

GALERIA

 

2023ko azaroaren 13an eta 14an Euskampus Bordeaux Eguna izango da UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolan, mugaz gaindiko Euskampus Bordeaux Campuseko komunitatearen urteroko topaketa.

Beste behin ere, UPV/EHUren, Bordeleko Unibertsitatearen, DIPCren eta Tecnaliaren arteko aliantza estrategiko horren esparruan garatzen diren proiektu eta lankidetza guztiak partekatzeko, ikusarazteko eta balioesteko aukera izango dugu, Euskampuseko Patronatu osora eta haren erakunde laguntzaileetara zabaltzen dena.

Bordeleko aurreko edizioaren ildotik, arreta berezia jarriko da bertaratutako guztien elkarreragina eta parte hartze aktiboa sustatzeko programa baten bitartez; hain zuzen ere, ko-kreazioko tailerrak eta osoko bilkurak txandakatuko dira, bilera informaletarako uneak ere utzita, topaketa hau gogoeta partekatua egiteko gune izan dadin, gizarte-kohesio kulturanitza, eleaniztuna eta diziplinartekoa sustatuz, horiek baitira lankidetzaren oinarrizko osagai mugaz gaindiko eta nazioarteko gure testuinguru honetan.

EBE23

Deskargatu programa

Ekitaldia eleanitza izango da –hori du bereizgarrietako bat– eta espero ditugun 200dik gorako lagunek elkar eragiteko aukera izango dute, elkar hobeto ezagutzeko helburuarekin, harreman pertsonal eta profesional sendoetan oinarritutako lankidetza sareak ehuntzen jarraitzeko, eta komunitatea zabaltzen jarraitzeko, bereziki, bere baitan ikasle gehiago sartuz. Gainera, aurten, gradua, masterra edo doktoregoa egiten ari diren 30 ikasle baino gehiagok parte hartuko dute aktiboki.

“Gure lurraldeetako trantsizioei erantzun kolektiboak: proiektuak eta ekimenak partekatuz" parte hartzeko tailerrean (11/13an arratsaldez) Euskampus Bordeaux komunitatearen kultura-, hizkuntza-, erakunde- eta diziplina-aniztasunetik abiatuta, ikertzaileek, ikasleek, administrazioko langileek, ordezkari politikoek (Akitaniako Eskualde Kontseilua, Eusko Jaurlaritza, Akitania Berria – Euskadi – Nafarroa Euroeskualdea, Bilboko eta Bordeleko Udalak, Euskal Hirigune Elkargoa) eta beste eragile sozio-ekonomiko batzuek (dagoeneko komunitateko kide aktibo direnek eta komunitate horrekin bat egin nahi dutenek) elkarlanean jardungo dute hiru trantsizio horiek Ardatz Atlantikoaren esparruan ekarriko dituzten erronken ikuspegi partekatua sortzen laguntzeko, euskal-akitaniar kostaldeari balioa emanez.

“Euskampus Bordeaux Campusaren barruan” (11/14an goizez) jarduerak aukera emango die hautatutako 15 pertsona ingururi Euskampus erakundeen arteko lankidetzaren esparruan garatzen ari diren edo garatu duten proiektua edo ekimena 173 segundoan aurkezteko, esperientziaren alderdiari emanik arreta.

Edizio honetan ere, Mugaz Gaindiko 6 Lankidetza Laborategi (LTC) aktiboek urte osoan izandako lorpenei fokua jarri ondoren, publikoki iragarriko da hautatutako Mugaz Gaindiko Lankidetza Laborategi (LTC) berria, eta berriki sortutako LTC Sarea (LTCak garatzeko Eusko Jaurlaritzak finantzatutako programa) ikusaraziko da (11/13 goizez).

Aurreko edizioetan parte hartu zutenen eskariari erantzuteko, Euskampus Bordeaux Eguna 2023 ekimenaren barruan, azaroaren 13ko eta 14ko goizetan ere izango dira bilera inprobisatuak edo formalagoak egiteko uneak eta espazioak, interesdunek antolatuko dituztenak, lankidetza sareak ehuntzen jarraitzeko.

Azkenik, aipatzekoa da edizio honetan bi jarduera ludiko-kulturalez gozatzeko aukera ere egongo dela:

  • Euskalduna Jauregian bisita gidatua, eleaniztuna, jauregiko backstagea eta bere zirrikituak ezagutzeko eta opera baten muntaketa prozesua ezagutzeko. Jarraian, G. Donizetti-ren L’elisir d’amore operaren lehen ekitaldiaren entsegu bat ikusiko dugu ateak itxita; ABAOk azaroan eskainiko du opera hori, 2023-2024 denboraldiaren barruan.

Euskalduna Jauregira bisita gidatua

  • Biziberritzen ari den Zorrotzaurre auzoan bisita; bertan, etengabe eraldatzen ari den hiri bizi-bizia nola berpizten ari den ikusiko dugu.

Deialdi irekiak

Aurten ere aurkeztu ahal izango duzu zure hautagaitza MT173 'saioan, Euskampus Bordeauxen duzun proiektua edo esperientzia kontatzeko, eta, gainera, mugaz gaindiko artearen erakusketa bat egiteko deialdia zabalduko  dugu.

Euskampus Fundazioa-ren isotipoa