EMPACTi3

Abian da EmPACT i3 mugaz gaindiko proiektuaren ikasturte berria

Inpaktua duen enplegagarritasuna, mugaren bi aldeetan hedatutako komunitate batentzako ibilbide berria. Etorkizuneko mugaz gaindiko belaunaldiak prestatzen.

Azaroaren 21ean, Euskadiko eta Akitania Berriko eragile eta irakasleak Ficoban (Irun) bildu ziren, EmPACT i3 proiektuaren 2025/26 ikasturteari hasiera emateko. Ikasturteko mugaz gaindiko lehen topaketa izan zen, eta parte hartzaileak lurraldeko erronka komunei nola erantzun dakiekeen zehazten hasi ziren. Erronkei erantzuteko, lankidetzan oinarritutako proiektuak garatuko dituzte, eta ikasleek ere parte hartuko dute, urtarriletik aurrera.

Zer da EmPACT i3?

EmPACT i3 proiektua 2024ko urtarrilean jarri zen abian, eta prestakuntza ibilbide berezi batean parte hartzeko aukera eskaintzen die mugaren bi aldeetako ikasleei (Euskadi eta Akitania Berria). Prestakuntza ibilbide horrek ikasleen enplegagarritasuna sustatzen du lurraldean, eta, era berean, jasangarritasunari lotutako egungo erronkei (ozeanoen babesa, ekonomia zirkularra eta trantsizio energetikoa) erantzuten laguntzen du.

Euskampus Fundazioak, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta Bordeleko Unibertsitateak (BU) sustatutako ekimena da, eta Euskampus-Bordeaux Mugaz Gaindiko Campusaren Prestakuntza eta Enplegagarritasuna ardatzaren barruan dago. Era berean, INTERREG VI-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2021-2027) programaren kofinantzaketa du.

Workshoparen garapena

Lehen workshopari hasiera emateko, ongietorri beroa egin zitzaien bertaratutako guztiei, eta aurkezpen labur bat ere egin zen, hiru hizkuntzatan —euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz—; hortaz, islatuta geratu zen proiektuaren izaera eleanitza. Jarraian, bi talde osatu ziren, sakontasunez lantzeko EmPACT i3 proiektuaren helburu eta dinamikak, baita hurrengo hiletan garatuko diren jarduerak ere.

Abendura arte, irakasleek eta erakundeek definituko dituzte lurraldeko erronkei erantzungo dieten mikroproiektuak; urtarriletik aurrera, ikasleak mikroproiektu horietan lanean hasiko dira. Lagungarri gisa, proiektuaren bideo instituzionalaren zati bat proiektatu zuten: EmPACT i3 proiektuaren bideo instituzionala.

Saio hori amaituta, taldeak areto nagusira itzuli ziren; proiektuka lanean hasi ziren, eta ideiak partekatu zituzten, erronka zehazteko eta horri erantzuteko proposamena diseinatzeko. Proposamen horri datorren urtearen hasieran helduko diote, ikasleekin batera. Saioa oso arrakastatsua izan zen, eta taldeek aurrerapauso nabarmenak eman zituzten erronkaren definizioan. Lanerako espazio horretan, mugaren bi aldeetako taldeen arteko lankidetza indartu zen, eta, hortaz, EmPACT i3 proiektuak bereizgarritzat duen mugaz gaindiko izaera sendotu zen.  

EMPACT I3
EMPACT i3

Lankidetza indartzen duen itxiera

Lan saioa amaitutakoan, ongi merezitako bazkari frantsesa eskaini zitzaien parte hartzaile guztiei, eta giro lasaian, egunean zehar sortutako loturak eta lankidetzak indartu zituzten, hau da, ekimenak arrakasta izan dezan funtsezkoak diren harremanak sendotu zituzten. Workshopa amaitzean, taldeek argi zuten zer erronka eta proiekturi heldu beharko dioten hurrengo hiletan eta zer bazkide izango dituzten horretarako, eta horrek benetan koordinatuta lan egitea erraztuko du.

Hurrengo hitzorduan ikasleak ere batuko zaizkie, proiektua garatzen hasteko.

Informazio gehiago EmPACTi3 proiektuari buruz.

Azken berri pasa den edizioan.

Partekatu

Euskampus Fundazioa-ren isotipoa

HARPIDETU NEWSKAMPUS-EAN

eta gure azken berriak posta elektronikoz  jasoko dituzu

Pribatutasun politika irakurri dut, eta onartzen dut.