
Foto de grupo, FICOBA, Irun, evento final del proyecto EmPACT i3, 13 de junio 2025
- Albisteak
EmPACT i3: edizioaren emaitzak eta etorkizunerako agertoki berriak
11 lankidetza-proiektu eta mugaz haraindikoak, kultura eta hizkuntza anitzeko giroan: enplegagarritasuna, gure mugaren bi aldeen arteko talkarekin
2025eko ekainaren 13an, EmPACT i3 proiektuaren 2024-2025 ikasturteko mugaz gaindiko hirugarren eta azken workshopa egin zen Ficoban (Irun, Gipuzkoa), eta Euskadi - Akitania Berria mugaren bi aldeetako ikasle, irakasle, ikertalde eta erakunde laguntzaileak bildu ziren bertan. Ikasturtean zehar garatutako proiektuen emaitzak partekatzeaz gain, datorren ikasturterako lankidetza aukera berriak aztertzeko aukera ere izan zuten ekitaldian.
EmPACT i3 proiektuan, EMplegagarritasuna inpAKTuarekin ibilbide batean parte hartzea proposatzen zaie mugaren alde banatako unibertsitateko ikasleei eta, horri esker, bi eskualdeetako unibertsitate eta erakundeen artean zehaztutako eta mugaz gaindiko lurraldearen benetako erronkei lotutako lanak, ikerketak edo unibertsitate praktikak egiten dituzte, mugaz gaindiko mugikortasuneko esperientziak txertatuta.
EmPACT i3 proiekturen helburu nagusietako bat enplegagarritasunera bideratutako gaitasunak garatzen laguntzea da, mugaz gaindiko lurraldearen benetako premietara egokituta. Proiektuetan, ikasleek trantsizio ekologiko, energetiko eta sozialarekin lotutako egungo arazoak landu ditzakete. Diziplinarteko eta aplikatutako ikuspegi hori lagungarri da gaitasunak garatzeko, betiere lurraldeak planteatzen dituen erronka konplexuei eta lan merkatuaren eskaerei aurre egitearren.
EmPACT i3 (Lurraldearen trantsizioko erronketan inpaktua duen enplegagarritasun ibilbidea) programa Euskampus Fundazioak, Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta Bordeleko Unibertsitateak batera sustatzen dute, Euskampus-Bordeaux mugaz gaindiko campuseko Prestakuntza eta Enplegagarritasuna ardatzaren esparruan. Programaren helburua da unibertsitateko ikasleak mugaz gaindiko erakunde publiko eta pribatuekin konektatzea proiektuen garapenaren bitartez, euskal eta akitaniar lurraldeetako trantsizio ekologiko eta sozialeko erronkekin lotutako benetako proiektuak izanik. Programak INTERREG VI-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2021-2027) programaren kofinantzaketa du.
EmPACT i3 proiekturen helburu nagusietako bat enplegagarritasunera bideratutako gaitasunak garatzen laguntzea da, mugaz gaindiko lurraldearen benetako premietara egokituta. Proiektuetan, ikasleek trantsizio ekologiko, energetiko eta sozialarekin lotutako egungo arazoak landu ditzakete. Diziplinarteko eta aplikatutako ikuspegi hori lagungarri da gaitasunak garatzeko, betiere lurraldeak planteatzen dituen erronka konplexuei eta lan merkatuaren eskaerei aurre egitearren.
Erronkak elkarrekin arakatzen eta proiektuak partekatzen
Egunaren hasieran prospekzioko jarduera bat egin zen, partaidetzan oinarrituta, eta ikasle, erakunde eta irakasleek elkarrekin egin zuten gogoeta 2025-2026 ikasturtean landu daitezkeen erronkei buruz. Ariketa horri esker, gai berriak eta lankidetzarako aukera berriak identifikatu ahal izan ziren, mugaz gaindiko komunitate honen bizitasunaren eta izaera irekiaren adierazgarri.
Topaketaren ardatza ikasturtean zehar garatutako 11 lankidetza-proiektuen (2. OHARRA) aurkezpena izan zen; UPV/EHUko (Gasteizko, Leioako eta Donostiako campusak), Bordeleko Unibertsitateko, ESTIAko (Bidart) eta Sciences Po Bordeaux unibertsitateko (Bordele) ikasleek mugaz bestaldeko erakundeekin lankidetzan egindako proiektuak dira, mugaz gaindiko mugikortasuneko egonaldiak burutu ondoren. Aurkezpenak askotariko formatuetan egin zituzten —posterrak, bideoak, pitch motako ahozko azalpenak, besteak beste—, sortutako emaitza baliotsua, plurala eta aberasgarria izanik.
Egindako proiektuen bitartez, ozeanoen jasangarritasunarekin, trantsizio energetikoarekin eta ekonomia zirkularrarekin lotutako erronka zehatzak landu zituzten, diziplinarteko eta aplikatutako ikuspegi batetik begiratuta. Besteak beste, honako gai hauei buruzko lanak aurkeztu ziren: bainatzeko uretan diren mikroplastikoen eta bakterio erresistenteen analisia; itsas hondakinekin egindako produktuen prototipoak garatzea; komunitate energetikoen ereduen azterketa konparatua; edo sentsibilizazioa, escape game pedagogiko bat edo erakusketa artistiko bat diseinatuta.
Mugaz gaindiko ikaskuntza eremu eleaniztuna
Proiektuen emaitzetatik haratago, topaketan argi geratu zen, berriro ere, EmPACT i3 komunitateak izan duen bilakaera. Ikasle, irakasle eta erakundeek lurraldearen erronkei erantzutera bideratutako esperientzia berritzaile batean parte hartzen dute, partekatutako esperientzia eta lankidetza izanik ikaskuntzaren zutabe. Jardunaldian bildutako iritzietan bizipenaren balioa nabarmentzen da: «Eskerrik asko esperientzia hau bizitzeko aukera emateagatik», «Sarean lan egitearen aberastasuna», «Norberari eta besteei buruz ikastea», «Diversité et interactions: hurrengora arte!».
Aurreko edizioetan bezalaxe, EmPACT i3 komunitatean dauden hizkuntzen eta kulturen aniztasunak garrantzi handia izan zuen esperientzian. Interakzioak euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz egin ziren eta, hein txikiagoan, ingelesez; argi dago, beraz, ahalegin kolektiboa egin dela hizkuntza aniztasuna ikasteko eta gizarte kohesiorako tresnatzat txertatzeko.
Esperientzia eleaniztun eta kulturaniztuna zuzen-zuzenean bizitzeko aukera dago mugaz gaindiko egonaldietan, une hori funtsezkoa izanik ikasleen trebakuntzako ibilbidean. Egonaldi horien bitartez, ondoko lurraldean lanbidearekin, kulturarekin eta hizkuntzarekin zerikusia duten inguruneak bertatik bertara ezagutzeko aukera dute, mugaz gaindiko lan merkatuaren erronkei aurre egiteko funtsezkoak diren kulturarteko, komunikazioko eta lanbideko gaitasunak indartuta. Era berean, Irungo Ficoban egindako topaketak une erabakigarria dira bateratze lanak eta interakzioak formatu eleaniztunean egiteko, elkar ulertzeko eskainitako tresnak praktikan jarrita. Besteak beste, translanguaginga, hartze eleaniztasuna (inputa hizkuntza batean eta outputa beste batean) edo aldibereko interpretazio inprobisatua baliatu dira. Esanahia taldean eratzen da, eta hizkuntzekiko giro malgu eta tolerantea naturaltasunez bizi da.

2025-2026 ikasturteari begira
Datozen asteetan, koordinazio taldeak –Euskampus Fundazioa, UPV/EHUko Challenge Based Education i3 ikertaldea eta Bordeleko Unibertsitateko Mission d'Appui à la Pédagogie et à l'Innovation (MAPI) dira partaide– jasotako proposamenak landuko ditu, 2025-2026 ikasturterako egitarauan sar daitezkeen erronka eta lankidetza berriak zehazte aldera.
Mugaz gaindiko berrikuntza sare hori zabaltzen jarraitzeko asmoz, EmPACT i3 proiektuko lantaldeak interesa duten erakunde eta pertsonei harremanetan jartzeko eskatzen die, informazio gehiago lortzeko, partekatutako erronka posibleak aztertzeko, eta Euskadiko eta Akitania Berriko unibertsitateen eta erakundeen arteko lankidetza aukera berriak baloratzeko.
Gehiago EMPACT i3 proiektuari buruz.
Gaiari buruzko albisteak
HARPIDETU NEWSKAMPUS-EAN
eta gure azken berriak posta elektronikoz jasoko dituzu