
Tanguy Wermelinger, de Maison Rivages, en la playa de Port Viex, Biarritz
EMPACT i3 Ozeanoarekin modu seguruan bizi
Ozeanoarekin modu seguruan bizi topaketari buruzko kronika. EMPACT i3 proiektuaren mugaz gaindiko jarduera anitzeko tailerra: Inpaktua duen enplegagarritasuna
"Ozeanoarekin modu seguruan bizi" mugaz gaindiko jardunaldi hori maiatzaren 17an egin zen Biarritzeko Port Vieux hondartzan, eta elkarlanean antolatu zuten hiru erakundek (Maison des Rivages elkartea, Akitania Berriko Comité Côte Basque des maîtres nageurs sauveteurs (CCBMNS) batzordea eta Surf Eskola Sopela/Socorrismo para surfistas (Euskadi)). Horrez gain, Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko eta Letren Fakultateko (UPV/EHU) ikasle eta irakasleek, gehi Euskampus Fundazioaren laguntza ere izan du.
Lankidetza hori Euskampus Fundazioak, Bordeleko Unibertsitateak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV7EHU) aurrera eramaten duten EmPACT i3 mugaz gaindiko proiektuaren enplegagarritasun ibilbidearen esparruan garatu ahal izan da, eta INTERREG VI-A Espainia-Frantzia-Andorra Programak (POCTEFA 2021-2017) kofinantzatua da.
Euskampus Bordele mugaz gaindiko campuseko «Prestakuntza-Enplegagarritasuna-Lurraldea» ardatzaren proiektu eragilea da EmPACT i 3. Bordeleko Unibertsitateak eta Euskal Herriko Unibertsitateak elkarrekin eramaten dute aurrera Euskampus Fundazioaren laguntzarekin. EmPACT i 3 programak Akitania Berriko eta Euskadiko bi unibertsitate eta erakundeen arteko mugaz gaindiko lankidetza proiektuen garapena bultzatzen du, ikasleen profesionalizazioa eta enplegagarritasuna sustatzeko, trantsizio sozialek, energetikoek eta ingurumenekoek planteatzen dituzten erronkei begira.
EmPACT i3 enplegagarritasun ibilbideak ezagutzak trukatzea eta ekimen eta irtenbide kolektiboak garatzea sustatzen du, mugaz gaindiko workshop-ak proposatuz eta gradu, master eta doktoregoko ikasleen lan akademikoak lurraldeko erakundeek planteatzen dituzten benetako arazoekin lotuz. Gainera, ikasleek iraupen laburreko mugikortasuna izango dute, eta, horri esker, lankidetza finkatuko dute hartzen dituen mugaren beste aldeko erakundearekiko.
2024-2025 ikasturtean, 11 proiektu eraman dituzte aurrera diziplina anitzeko eta mugaz gaindiko taldeek. Talde horiek bi eskualdeetako irakasleek, erakunde publiko eta pribatuek eta bi ikasleek osatzen dituzte, eta gaitasun profesionalizatzaileak garatu dituzte kulturarteko testuinguru eleaniztunean eta parte hartze anitzekoan.


Biarritzen maiatzaren 17an egin zen jardunaldia 2 proiekturen emaitza izan da: alde batetik "Ozeanoarekin modu seguruan bizi"; kontzeptu horrekin CCBMNSrako komunikazio plan bat prestatzen ari da Amaia Ibarreta komunikazio ikaslea, eta bestetik, "Mots d 'Océans"; proiektu horretan, helburu espezifikoetarako frantseseko ikasle batzuek lankidetzan jardun dute Maison des Rivages elkartearekin, sorospen taldeen mugaz gaindiko lankidetza sustatzeko. Horretarako, tresna pedagogikoak, elkarlaneko glosarioa eta simulazio ariketak sortu dituzte, kostalde partekatuaren ingurunera egokituak.
Goizean, mugaren bi aldeetako sorosleek erreskate praktikak egin zituzten. Lankidetza une horrek elkarren arteko ikaskuntza, taldearen kohesioa, eleaniztasunaren praktika (frantsesa-euskara-gaztelania-ingelesa) eta ozeanoaren inguruko errespetu, konpromiso eta elkartasun balio partekatuak indartu zituen, naturagune paregabean.
20 erreskate baino gehiago simulatu ziren Biarritzeko Portu Zaharra hondartzan, CCBMNSko salbamendu taldeen laguntzarekin, Jonan Etxebarriak eta bere Sos & Surf Eskola/Socorrismo para Surfistas taldeak koordinatuta. CCBMNSko 25 gaztek baino gehiagok eta hain gazteak ez zirenek gogotsu eta konpromisoz parte hartu zuten zeregin guztietan. Neoprenozko jantziak erabili zituzten etenik gabeko bi orduetan uraren tenperatura jasateko, bai eta baliabide propioak ere, hala nola erreskate taulak, norbera babesteko ekipoak (NBE) eta bihotz-birikak bizkortzeko elementuak.
Aldez aurretik adostutako erreskateak egin ziren, bai eta beste batzuk aldez aurretik prestatu gabeak ere, Jonan Etxebarriaren eta bere taldearen jarraibideek piztu zuten interesari esker.
Bi taldeak frantsesez eta gaztelaniaz komunikatu ziren bat-bateko interpreteen laguntzarekin eta EHUko Letren Fakultateko Français pour Objectives Specifiques ikasgaiko ikasleen ezagutzari esker. Hainbat erreskate simulazioak egin ziren: konortea zuen biktima, konorterik gabeko biktima eta bizkarrezurreko muineko kaltea zuen biktima. Jarduera oso emankorra izan zen, lagunarteko giro bikaina, jarrera ona eta konexio handia izan zituzten, eta bi taldeek lortu zuten itsas salbamenduko modus operandiak ikastea.


Erreskate saioa amaitu ondoren, eleaniztasuna indartzeko jarduera egin zen, eta, horretarako, tresna ludiko bat erabili zen linean CCBMNSren lokaletan, Lorea eta Ariane ikasleek egina. Biak bat etorri ziren honako honetan: «bereziki aberasgarria izan zen ingurune eleaniztun eta kulturaniztunean lan egitea, non frantsesa zubi bihurtu baitzen itsaso berak elkartutako errealitate ezberdinen artean. Tresna interaktiboak erabiltzean esperientzia dinamikoa izan zen, eta modu dibertigarrian sustatu zen ikaskuntza. Jarduera arrakastatsua izan zen, Klubeko gazte taldeak gogotsu parte hartu baitzuen, eta, gainera, aukera eman zigun gure kostaldeko eta salbamenduko glosarioaren benetako erabilgarritasuna ebaluatzeko, ezagutzak irakatsi eta transmititzeko tresna gisa. Azken batean, jardunaldi inspiratzailea eta atsegingarria izan zen».
Iraide Blanco Frantses Filologiako irakasleak ere partekatu zituen bere iritziak esanez: "Ingurune eleanitz eta kulturaniztunean lan egitea oso esperientzia aberasgarria izan da niretzat irakasle gisa. Frantsesa errealitate desberdinen arteko zubi bihurtzen ari zela ikusteak, itsaso berak elkartuta, hunkitu egin ninduen, eta berretsi zidan konexio tresna izateko ahalmena duela hizkuntzak. Konektatua sentitu nintzen gazteekin, ozeanoarekin eta irakasteko modu gizatiarragoarekin, sentikorragoarekin eta jasangarritasunean zentratua”. Gainera, "topaketa honek sorosleen eta ozeanoaren arteko harremana aztertu eta dokumentatu nahi du, mugaz gaindiko ikuspegi sentikor eta parte hartzailearen bidez".

Era berean, Jonan Etxebarriaren hitzetan, “Mots d’oceans” tailer honi buruzko hausnarketan: “Aplikazioarekin egindako jarduera oso baliagarria eta egokia izan zen mugaz gaindiko ekitaldi honetako partaideen artean ezagutza eta esperientziak hurbiltzeko”.
Uretan izandako jarduera biziaren ondoren indarrak berritzeko hondartzan bertan eskainitako piknik bazkariaren ondoren, Maison Rivagesek gogoeta kolektiboko esperientzia bat proposatu zuen, itsasertzak denboran zehar izan duen eraldaketari buruz. Proposamena argazki zaharren erakusketa baten inguruan egituratu zen. Argazki haietan ikus zitekeen itsasertzak zer-nolako bilakaera izan duen, bereziki Biarritzeko kostaldeak, eta paisaian izandako aldaketak behatu eta alderatzeko aukera izan zuten parte hartzaileek.
Emma Leroux eta Tanguy Wermelinger elkarteko kideen laguntzarekin, banakako behaketa fitxak osatu ziren, eta giza ekintzari, higadurari eta espazioaren erabileraren aldaketari lotutako eraldaketak identifikatu ziren. Aktiboki parte hartu zuten CCBMNSeko, "Les Ours Blancs" klubeko eta "Biarritz Association Surf Club" (BASCS) elkarteko kideek, bai eta adin eta jatorri desberdinetako herritarrek ere, beren oroitzapenak, ezagutzak eta pertzepzioak azalduz hainbat hizkuntza eta formatutan.
Emaitza horietatik abiatuta, frantseseko ikasleekin lankidetzan aritzearen helburua da ezagutza kokatuen glosario bat eta artxibo bisual kolektibo bat egitea, jasangarritasunean, ozeanoen babesean eta kostaldearekiko bizipenen bidez eskuratutako ezagutzen transmisioan oinarrituta.
Oraingoan ere, EMPACT i3 proiektuak mugaren bi aldeetan konektatzeko eta lankidetzan aritzeko aukerak eskaini dizkigu, giro kulturaniztun eta eleanitzean eta ikaskuntza erabilgarri eta baliotsuekin, pertsona guztiak ozeanoarekin modu seguruan bizi daitezen, hau da, itsasertzeko dinamikei buruzko behaketa eta ezagutza zabaltzea, itsas erreskate batean laguntza ematen jakitea eta mugaz gaindiko komunikazioa erraztuko duten hizkuntza tresnak eskuratzea.
Lucia Barahona Akitaniako kazetariak emango du jardunaldiaren berri, eta elkarrizketa ugari bildu zizkien parte hartzaileei, Euskadi-Akitania Berria mugaz gaindiko itsasertzeko tokiko hiru hizkuntzetan. Espero dugu tokiko hedabideetan laster ikustea haren ekoizpena.

HARPIDETU NEWSKAMPUS-EAN
eta gure azken berriak posta elektronikoz jasoko dituzu