BIZI-ON MISIOA
ELKARREKIN EUSKADIN MINBIZIAREKIN BIZITZEKO MODU BERRIAK AKTIBATZEN DITUGU
Zer da?
Misio gisa planteatutako ikerketa eta ekintzarako ekimen bat da, laguntza ospitaletik haratago hedatu eta egunerokotasunaren esparrura eramateko. Helburutzat du minbiziaren prozesu osoan zehar laguntza ematea, erdigunean jarrita bakoitzarentzat garrantzitsua den hori, harremanak eta elkar babesa indartuz eta zientifikoki egiaztatutako estrategien bidez ohitura osasungarriak bultzatuz (elikadura, ariketa eta ongizate emozionala…), minbiziarekin hobeto bizi ahal izateko.
Ekimenak arlo sanitario, sozial eta komunitarioko hainbat pertsona, elkarte, administrazio erakunde eta interes talde aktibatzea eta inplikatzea lortu du. Guztien artean minbiziak norbanakoei eta gizarteari dakarkien erronka handiaren ikuspegi zabal eta osoa eskain dezakete.
Hauek dira helburuak:
1. Herritarrak (pazienteak, zaintzaileak, paziente ohiak, profesionalak) mobilizatu eta ahalduntzea, euskal gizarteak minbizi kasuetan nola laguntzen duen zehazteko.
2. Zaintza integrala prestatzea, bizi kalitateari eutsi ahal izateko esperientzia onkologiko osoan zehar, baita tratamenduen “osteko bizitzan” ere.
3. Minbiziaren zaintza ospitaletik komunitatera zabaltzea, konfiantza zubiak ezarriz arlo sanitarioaren eta arlo sozialaren artean, herritarren beharrei hobeto erantzuteko.
4. Ezagutza eta ebidentzia zientifikoa sortzea sistema antolatu eta gaitzeko.
Nola egiten dugu?
BIZI-ON hiru ardatzetan egituratzen da, eraldaketa sustatu eta inpaktu positibo eta iraunkorra bermatzeko:
- Ikerketa: pertsonen, diziplinen eta erakundeen arteko lankidetza eta aliantzak sustatzea, ebidentzia zientifikoa sortzeko funtzio eta helburu zehatzekin.
- Zerbitzua: zerbitzuak elkarlanean sortzea, laguntza integrala sustatzeko eta osasunari, bizi kalitateari eta esperientziari lotutako emaitzak hobetzeko.
- Partaidetza: minbiziaren eragina pairatzen dutenak mobilizatzea (pazienteak, paziente ohiak, senideak, zaintzaileak, osasun eta gizarte arloetako profesionalak, aktibistak).
Erronka handi horri aurre egin eta bere gaitasunak osatzeko, Euskampus Fundazioak lankidetza estrategikoa osatu du The Care Lab erakundearekin (osasun eta zaintza sistemen eraldaketan eta laguntza eredu berrien kokreazio partizipatiboan espezializatutako diseinatzaileen erakundea). Elkarrekin ari gara lanean pertsonak mobilizatzen eta funtsezko eragileak identifikatu eta inplikatzen, erronkaren definizio eta testuinguru egokia bermatzeko, aukera hobiak identifikatzeko eta elkarrekin estrategia eta ekintza zehatzak planteatu ahal izateko.

2023az geroztik, UPV/EHUko 16 ikerketa taldek baino gehiagok BIZI-ON Akademia osatzen dute, eta lanean ari dira zorroztasun zientifikoa eskaintzeko eta, aldi berean, beren ikerketa beste eragile batzuekin batera ikasitakoarekin aberasteko. Gainera, etengabe ari gara ikerketarako gaitasun berriak bilatzen eta gizarte eragile esanguratsu guztiak inplikatzen.
Motibazioa
Minbizia da Euskadiko heriotza arrazoi nagusia, eta 3 biztanletik 1ek du gaitza. Gaixotasunak pertsona guztiengan du inpaktua, haien adina, sexua edo egoera soziala edozein dela ere, eta izugarrizko zama da pazienteentzat, familientzat eta gizarte osoarentzat, tratamendu medikoek irauten dutenetik harago.
Erronka gisa, EBko eta Euskadiko agenda politikoko lehentasunetako bat da, eta hau da helburu nagusia: 2030erako % 70eko biziraupen tasa lortzea. Minbiziari buruzko ikerketa zientifiko gehiena zientzia biosanitarioen arloan gauzatzen da, eta horrek berekin dakar minbiziaren tratamenduaren ikuspegia oso medikalizatua eta indibiduala izatea oraindik, eta, ondorioz, lausotu egiten da jokabideei lotutako alderdien eta alderdi sozialaren potentziala. Gainera, BIZI-ON bat dator 2030erako Euskadiko Osasun Planarekin, eta arretaz jarraitzen die Euskadiko Plan Onkologiko Integralaren eta definizio prozesuan dagoen Euskadiko Osasun Itunaren ildo estrategikoei.