EMPACTi3

Talde argazkia, Ficoban, apirilaren 10ean, EMPACT i3ko bigarren workshopa.

Albisteak
  • Albisteak

EmPACT i3ko mugaz gaindiko proiektuaren bigarren worskhopa

EmPACT i3 y los retos transfronterizos afrontados desde un prisma transdisciplinar, multilingüe y multicultural

2025eko apirilaren 10ean, EmPACTi3 proiektuaren mugaz gaindiko bigarren workshopa izan zen Irungo (Gipuzkoa) Ficoban. Ekitaldi horretan, mugaren bi aldeetako hainbat diziplinatako ikasleak, irakasleak eta erakundeetako ordezkariak bildu ziren, 2024-2025 ikasturte honetan elkarrekin egiten ari diren lankidetza proiektuen garapenaren berri izateko eta mugaz gaindiko hurrengo jarduerak eta egonaldiak planifikatzeko.

2024. urteko ekainean abiarazitako EmPACTi3 proiektuan proposamen bat egin zitzaien mugaren alde banatako ikasleei: “Enplegagarritasuna Inpaktuarekin programan (ibilbidean)” parte hartzea. Euskampus Fundazioa, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) eta Bordeleko Unibertsitatea (BU) izanik buru, proiektua Euskampus-Bordeaux mugaz gaindiko Campusaren Prestakuntza eta Enplegagarritasuna ardatzaren esparruan kokatzen da. INTERREG VI-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2021-2027) programak kofinantzatzen du.

Workshopa hasteko, ongietorriaren ondoren, diziplinaz gaindiko komunitatea indartzen jarraitzeko jarduera bat egin zen. Lankidetza proiektu beretan inplikatuta ez dauden pertsonek elkar ezagutzeko aukera izan zuten, komunitate honek berezko duen eta EmPACTi3 programak sustatzen duen funtsezko zutabeetako bat aktibatuta: aniztasuna, hizkuntzari eta kulturartekotasunari dagokienez. Ekitaldiaren une nagusian, mugaz gaindiko lankidetzaren printzipioari jarraitzen dioten 11 proiektuak taldeka landu ziren.

Ikasturte hasieratik, Akitania Berriko erakundeak UPV/EHUko ikasleekin elkarlanean aritzen dira proiektuetan, eta Euskadiko erakundeak Akitania Berriko (UB-Estia, Sc PO Bordeaux) unibertsitateko ikasleekin, betiere lurraldearen trantsizioko erronkak lantzeko. Ikasle gehienek lehendik ere parte hartu dute programaren bitartez finantzatutako mugaz gaindiko mugikortasun proiektuetan, eta murgiltze egonaldiak egin dituzte entitatearen egoitzan, proposatutako erronka zehatzaren berri izateko eta lantzen hasteko.

Workshoparen azken saioan, proiektuen garapena aurkeztu zuten ikasleek eta erakundeek, bai mugikortasun proiektuei dagokienez, bai azken hilabeteetan elkarlanean egindako lanari dagokionez. Osoko bilkura horri esker, talde guztien inplikazioa handia dela ikusi ahal izan dugu, lanak oso aberatsak direla, eta lurraldearen erronkei aurre egiteko gauzatzen ari diren proposamenak berritzaileak direla, tartean izanik ozeanoen eta osasunaren zaintza hobetzeko ekimenak, ingurumenaren eta energiaren arloetako jasangarritasunekoak, gizarteratzea bultzatzekoak eta ekonomia zirkularra sustatzeko ekimenak. Aldi berean, EmPACT i3 programan parte hartzearen esperientzia komunitate osoan izaten ari den inpaktua sumatzen hasi da. Komunitatea inplikatuta dago, ezagutza eta gaitasun berriak ikasten eta garatzen ari da, eta arazoen mugaz gaindiko ikuspegia pixkanaka txertatzen.

Bukatzeko, partaidetzan oinarritutako bi jarduera egin ziren. Lehenengoan, tresna interaktibo bat erabilita, pertsona bakoitzak mugaz gaindiko eremua zenbateraino egiten zaion ezagun baloratu ahal izan zuen, EmPACT i3 programan parte hartu aurretik eta parte hartzen duenetik aurrera.

EMPACT I3
EMPACT I3

Ekitaldiaren zehar, jarduera lasai bat proposatu zen, ideiak trukatzeko, hausnartzeko eta proiektuei ekarpenak egiteko, eta, hartara, batak bestearengandik ikastea sustatu zen.

Ekainaren 13an Ficoban egingo den EmPACT (2024-2025) edizioaren azken ekitaldia prestatze aldera, ikasleek prestakuntza saioak jasoko dituzte, hau da, oinarri teoriko bat eta coaching praktiko bat, proiektuak pitch formatuan aurkezten eta poster zientifikoak sortzen ikas dezaten. Jarduera horiei esker, proiektuetako azken emaitzak aurkezteaz gain, etorkizuneko enplegagarritasunerako funtsezko gaitasunak garatzeko aukera ere izango dute. Gainera, datozen hilabeteetan, mugikortasuneko azken egonaldiak egingo dituzte, proiektuak amaitzeko.

Unibertsitatea trantsizioan: lurraldeen, hizkuntzen eta konpromisoen arteko esplorazio antropologikoa

Workshop honetan, unibertsitatea laborategi sozial peto-peto bihurtu zen. Ikasleak, irakasleak eta lurraldeko eragileak elkarrekin aritu ziren lanean jasangarritasunarekin lotuta, rol tradizionalak desitxuratzen. Mugaz gaindiko eremu eleaniztun honetan, parte-hartzaile bakoitzak pentsatzeko, hitz egiteko eta kolektiboki eraikitzeko aukera izan du, bakoitzaren estatusa gorabehera, ekimen hezigarriari dimentsio eraldatzailea emanik. Hemen, trantsizio ekologikoak bizipen kolektibotik hartzen du zentzua, eta hizkuntza, adin eta kontakizunen aniztasunean gauzatzen da.

Landutako gaietatik haratago –ekonomia zirkularra, ozeanoak, trantsizio energetikoa–, workshop horretan ikusi ahal izan zen, batik bat, unibertsitatea eremu emankor izan daitekeela ezagutzaren, lurraldearen eta konpromisoaren arteko lotura berrantolatzeko. Eleaniztasunak, tokiko sustraitzeak eta belaunaldien arteko elkartrukeak bizikidetzako dinamika sinboliko bat elikatu zuten, itzultzen eta zentzua eraikitzen elkarrekin ikasita. Partekatutako iruditeriaz jositako topaketa honetan, unibertsitatea egiteko beste modu bat badagoela ikusi dugu, betiere unibertsitatea eraldaketako, esperimentazioko eta etorkizun komunak kontatzeko espaziotzat hartuta.

Beste behin ere, komunitate honetan eleaniztasunari buruz egiten den ikerketa-ekintzaren fruitu, galdetegi bat betetzeko eskatu zitzaien parte-hartzaileei, proiektu honen hizkuntza aniztasunari buruzko kontzientziaren gainean partekatutako hausnarketen berri izatearren. Erronka globala ikasten jarraitzea da, ikuspegi poliedrikotik elkarreragiten jarraitzen duen mugaz gaindiko talde honen jardunbide eleanitzetatik ikasten, komunikazio malgu eta tolerantea izateko modu berriak arakatuta, proiektuko lau hizkuntzak naturaltasunez uztartuta eta esanahiaren etengabeko ko-eraikuntzan.

Bestalde, Francais pour Objectifs Specifiques taldeko ikasleek elkarlanari ekarpen handia egiten diote, hitzen glosarioak eta unitate didaktikoak sortzen baitituzte mugaren bi aldeetako itsas salbamenduko zerbitzuen sinkronizazioa hobetzera ez ezik, Akitaniako gure hondartzen egoerari eta bilakaerari buruzko kontzientzia sortzera ere bideratuta.

Ildo horretan, datorren maiatzaren 17an, jarduera ludiko-didaktiko bat egingo da Biarritzeko Portu Zaharra hondartzan; hain zuzen ere, itsas erreskate baten simulakroa, Challenge Based Learning ikuspegi eleaniztun eta kulturaniztun batetik begiratuta.

EMPACT i3

Partekatu

Euskampus Fundazioa-ren isotipoa

HARPIDETU NEWSKAMPUS-EAN

eta gure azken berriak posta elektronikoz  jasoko dituzu

Pribatutasun politika irakurri dut, eta onartzen dut.