jendartea
  • Albisteak

Euskampus 2026ko i3 Jendartean

Euskampusek i3 Jendartea 2026 ekimenean parte hartu du eta erronketan oinarritutako ikaskuntza eta mugaz gaindiko enplegagarritasuna sustatu ditu

CBEi3lab EHU laborategi iraunkorrak eta EmPACT i3 mugaz gaindiko proiektuak Donostian azaroaren 6an egin zen i3 Jendartea 2026 ekimeneko posterren saioan parte hartu zuten. Aurkeztutako hiru posterren bitartez, 2023an abian jarri zenetik CBEi3lab proiektuan egindako lana ikusgai jarri zen eta EmPACT i3 proiektuaren emaitzak aurkeztu ziren, baita trantsizioko erronketan oinarritutako enplegagarritasuneko ibilbide berritzaile baten diseinua ere, Euskadiko eta Akitania Berriko erakundeekin elkarlanean.

EHUk Donostian duen Carlos Santamaria eraikinean izan zen lehengo azaroaren 6an i3 Jendartea ekimenaren aurtengo edizioa, unibertsitateko i3 hezkuntza eredua sustatzen duen urteroko topaketa, alegia. Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuak (SAE/HELAZ) antolatuta eta «i3 eta AA: Ikasteko, ikertzeko eta berritzeko modu berriak EHUn» lelopean, unibertsitateko kideek hezkuntzaren berrikuntzako esperientziak eta ikaskuntzako eta lankidetzarako metodologia berriak aztertu zituzten.

Jardunaldiaren irekiera instituzionala Urtza Garay Gradu eta Eraldaketa Digitalerako errektoreordeak bideratu zuen; gero, adimen artifiziala ikasgelan kontzienteki txertatzeari buruzko inaugurazio hitzaldia izan zen, i3lab proiektuetako esperientziei buruzko mahai-ingurua, posterren erakusketa eta irakasleei aitortza egiteko ekitaldi bat. Amaierako ekitaldian EHUko errektore Joxerramon Bengoetxeak parte hartu zuen, eta nabarmendu zuen garrantzitsua dela unibertsitateak hezkuntza eredu propioa indartzen jarraitzea, unibertsitateak ikaskuntza kooperatibo eta dinamikoarekin, ikerketarekin eta jasangarritasunarekin duen konpromisoa erdigunean jartzen duen eredua den aldetik.

JENDARTEA
JENDARTEA

Euskampusek unibertsitatea eta gizartea CBE bidez konektatzearen aldeko apustua egiten du

Euskampus Fundazioak CBEi3lab egitasmoan parte hartzen du, eta EmPACT i3 proiektuan koordinatzaile lanetan aritzen da; argi dago, beraz, Erronketan Oinarritutako Ikaskuntza (CBE) garatzea eta zabaltzea konpromiso estrategikotzat dituela. Unibertsitatea gizartearen eta lurraldearen benetako erronketara hurbiltzearen alde egiten du eta, horretarako, ikasteko modu berriak sustatzen ditu, lankidetzan oinarrituta, baterako sorkuntzan oinarrituta, eta ezagutza akademikoaren eta ezagutza horrek gizartean duen inpaktuaren arteko loturan oinarrituta.

Jardunaldiaren esparruan, Aitor Mendiak eta Itziar Rekaldek «CBEi3, EHUko Laborategi Iraunkorra» posterra aurkeztu zuten, laborategiko talde eragile osoaren parte-hartzearekin, eta Gradu eta Eraldaketa Digitalerako Errektoreordetzak bere gain hartu duen eta HELAZek sustatu eta koordinatzen duen apustu estrategiko horri ikusgaitasun handiagoa ematea izan zuten helburu. Euskampus Fundazioak aktiboki parte hartzen du ekimen horretan, talde eragileko kide izanik EHUko irakasleekin batera. Sortu zenetik, CBEi3lab proiektuak zeregin garrantzitsua bete du metodologia hori egituratzen, garatzen eta unibertsitatean zabaltzen, baita mugaz gaindiko eta nazioarteko proiekzioan ere.

Bestalde, EmPACT i3 proiektuko bi poster aurkeztu zituen trantsizioko erronketan oinarritutako mugaz gaindiko enplegagarritasunaren ibilbidea ezagutarazteko. Ekarpen horiei esker, erronketan oinarritutako ikaskuntza hezkuntzaren eta enplegagarritasunaren arloko ekintzen erdigunean jartzen duen proiektu baten ikuspegia eta esperientziak partekatu ahal izan ziren.

EmPACT i3 mugaz gaindiko proiektua Interreg POCTEFA 2022-2027 Programak finantzatzen du, eta Euskampus Fundazioaren, EHUren eta Bordeleko Unibertsitatearen artean garatzen dute, elkarlanean, Challenge-Based Education edo Erronketan Oinarritutako Ikaskuntza Euskampus Bordeaux Mugaz Gaindiko Campuseko hezkuntzaren eta enplegagarritasunaren ardatzeko ekintzen muinera eramatearren.

Proiektu horren bitartez, erronketan oinarritutako ikaskuntzak Euskadiko eta Akitania Berriko unibertsitatearen eta eragileen arteko lankidetza bultzatzen du, prestakuntza prozesuak trantsizioaren erronketara eta mugaz gaindiko ingurune sozioekonomikoaren beharretara hurbilduta.

Ekimen horiek i3 Jendartea 2026 egitasmoan egotea mesedegarri izan da bai EHUn egiten ari den lana ikusgai egiteko, bai hezkuntza berrikuntzaren, enplegagarritasunaren eta mugaz gaindiko lankidetzaren arteko loturak indartzeko.

 

Irudian: Frederik Berbeke, Itziar Rekalde, Pilar Gil Molina eta Julieta Barrenechea.

JENDARTEA

Partekatu

Euskampus Fundazioa-ren isotipoa

HARPIDETU NEWSKAMPUS-EAN

eta gure azken berriak posta elektronikoz  jasoko dituzu

Pribatutasun politika irakurri dut, eta onartzen dut.