cbe
  • Albisteak

Challenge Based Education,. nazioarteko konferentzian Bilboko bihotzean

CBE 2026 Nazioarteko Kongresuak unibertsitateko ikaskuntza gizartearen erronkekin lotzen duten esperientziak biltzen ditu

Bizkaia Aretoak Challenge-Based Education (CBE) Nazioarteko Kongresua hartu zuen urriaren 27an eta 28an. Topaketak erronketan oinarritutako ikaskuntzako esperientziak bildu zituen, hainbat diziplina eta hezkuntza arlotakoak, eta unibertsitatearen, gizartearen eta lurraldearen arteko lankidetzan jarri zuen arreta. Euskampus Fundazioak, EHUko CBE i3lab laborategiko erakunde kolaboratzailea denez, parte hartze nabarmena izan zuen topaketako saioetako baten antolakuntzan eta dinamizazioan.

Nola lotu unibertsitateko ikaskuntza gizartearen erronka errealekin? Zer gertatzen da ikasleek enpresa, administrazio publiko eta gizarte erakundeekin batera lan egiten dutenean irtenbideak proposatzeko? Zer ikaskuntza sortzen dira lankidetza horietatik eta nola laguntzen dute hezkuntza eraldatzen eta gizartean eragiten? Challenge-Based Education (CBE): eragin sozialerako hezkuntza izenburupean, 2026ko CBE Nazioarteko Kongresuak erronketan oinarritutako ikaskuntzako esperientziak, metodologiak eta emaitzak partekatzeko espazio bilakatu zuen Bilboko Bizkaia Aretoa. Bi egunetan, hainbat arlotako ikertzaile, ikasle eta profesionalek hainbat diziplina eta hezkuntza mailatatik garatutako proiektuak aurkeztu zituzten.

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) CBE i3lab laborategiak antolatutako kongresuak gai ugari jorratu zituen, hala nola CBEren diseinua eta ebaluazioa, eragin soziala, jasangarritasuna, hezkuntza berrikuntza, diziplinartekotasuna eta kanpo eragileekiko lankidetza.

Irekiera instituzionalean parte hartu zuten EHUko errektoreorde Estitxu Garayk eta SAE/HELAZeko zuzendari Nekane Bellokik, eta adierazi zuten erronketan oinarritutako ikaskuntza oso egokia dela etorkizuneko profesionalak prestatzeko: ziurgabetasun egoeretan moldatzeko, elkarlanean lan egiteko eta erronka zailei erantzuteko gai izango diren profesionalak. Ikaskuntza mota horren aldeko apustuak argi erakusten du EHUren konpromisoa lurraldearekin lotuta eta egungo erronka sozialetan inplikatuta dagoen eta gizartearen eraldaketan aktiboki parte har dezakeen unibertsitate ereduarekiko.

Bi egun esperientziak eta metodologiak partekatzeko

Programak ahozko komunikazioak, posterrak, saio interaktiboak eta hitzaldi plenarioak konbinatu zituen. Inaugurazio hitzaldian, Sonia Gómez Puentek (Eindhoven University of Technology, Herbehereak) ziurgabetasunez betetako mundu honetan hezteko eta eragin soziala sortzeko ikaskuntza ekosistemak nola diseinatu hausnartzera gonbidatu zituen bertaratuak. Mansi Sharmak (Ganteko Unibertsitatea, Belgika) itxi zuen kongresua, eta hausnartu zuen nola birpentsa daitekeen master amaierako lana erronketan oinarritutako hezkuntzaren bidez.

Komunikazioak CBEren aplikazio ugariri buruzkoak izan ziren: unibertsitateko eraikinetako jasangarritasuna, itsaspeko robotika, adimen artifiziala laguntzaile kognitibo gisa, nazioarteko lankidetza, inklusioa, osasuna, trantsizio ekologikoa eta gizarte berrikuntza.

Programak, halaber, hainbat arlotako esperientziak ezagutzeko aukera eman zuen: irakasleen prestakuntza, ingeniaritza, osasun zientziak, ekonomia, komunikazioa eta gizarte zientziak. Posterrek osatu zuten elkartruke hori, proiektuak aurkeztu eta eztabaidatzeko espazio gehigarri bat eskainiz.

Mansi Sarma
cbe

Ahotsen polifonia: unibertsitatearen eta gizartearen arteko sei lankidetza esperientzia

Lehenengo eguneko espazio nabarmenetako bat Ahotsen polifonia saio interaktiboa izan zen, CBEko proiektuetan parte hartzen duten pertsona eta erakundeei protagonismoa emateko sortua. Sei esperientziaren bidez, saioak elkarrizketan jarri zituen ikasleak, irakasleak eta erakunde laguntzaileak, beren ikuspegiak parteka zitzaten.

Euskampus Fundazioak, EHUko CBE i3lab laborategiaren kolaboratzaile denez, parte hartze berezia izan zuen saioaren antolakuntzan eta dinamizazioan, eta proiektuetan inplikatutako eragileen arteko elkarrizketa espazio bat sortzen lagundu zuen.

Proposamenak premisa bat izan zuen abiapuntu: esperientzia berberak esanahi desberdinak izan ditzake, noren esperientzia den kontuan hartuta. Ahots desberdinak entzuteak aukera ematen du eragile bakoitzaren ekarpenak ezagutzeko, lankidetzaren ikaskuntzak eta zailtasunak partekatzeko eta eraldaketarako aukera berriak identifikatzeko.

Aurkeztu ziren sei esperientziek metodologia hori erabiliz landu daitezkeen erronken aniztasuna erakutsi zuten:

  • Plastisfera eta uraren kalitatea: Amaia Zarrabeitiak (EHU) eta Sarah Itoizek (SUEZ Rivages ProTech) ingurumeneko eta osasun publikoko gaiak jorratzeko hezkuntza eta ikerketa lotzen dituen esperientzia baten berri eman zuten.
  • Kostu txikiko eguzki ponpaketa: Unai Villena Camarerok (EHU) garapen jasangarriari lotutako soluzio teknologikoak esploratzeko ingeniaritza erronka bat aurkeztu zuen, TADEH eta GISEL erakundeekin elkarlanean egina.
  • Jasangarritasuna eta kokreazioa: Maite Ruizek (EHU) eta Oihane Gorordo Beaskoetxeak (Bizkaiko Foru Aldundia) unibertsitatearen, administrazio publikoaren eta ikasleen arteko lankidetzari heldu zioten, ehun hondakinen kudeaketaren erronkari aurre egiteko irtenbideak garatzeko.
  • Giza garapen jasangarrirako ingeniaritza: Maddi Garmendia Antinek (EHU-ICLI) eta Gorka Cuberok (Zabalketa) ingeniaritza, garapenerako lankidetza eta hezkuntza uztartzen dituen esperientzia bat aurkeztu zuten.
  • UnicitiES 2030 eta hiri jasangarriak: Estíbaliz Sáez de Cámara Oleagak (EHU), Mariana Fernández Puchek (REDS) eta Mikel Regueiro Barreirok (EHUko ikaslea) unibertsitatearen eta lurraldearen arteko berrikuntza kolaboratiboko esperientzia bat partekatu zuten.
  • Indianoak eta itsas ondarea: Sandra Usínek (EHU) eta Rafael Zulaikak (Indianoak-Ibaialde) erakutsi zuten komunikazio plan baten diseinuak nola hurbil dezakeen gizartera itsas historia eta ondarea, espedizio transatlantiko baten bidez.

Aurkezpenen ondoren, parte hartzaileek ikuspuntuak trukatu zituzten oinarrizko hiru gairi buruz: zer ikasten duten ikasleek benetako erronkei aurre egitean, nola eraldatzen duten irakaskuntza esperientzia horiek eta zer onura jasotzen duten erakunde laguntzaileek ikaskuntza prozesu horietan parte hartzean.

Euskampus: ikerketa, komunikazioa eta mugaz gaindiko lankidetza EMPACT i3 proiektuan

Erronketan oinarritutako ikaskuntza mugaz gaindiko lankidetzarekin eta praktika eleanitzei buruzko ikerketarekin lotzen duten bi ekarpenetan ere islatu zen Euskampusek kongresuan izan zuen parte hartzea.

Alde batetik, Pablo Reyk, i3 GIZARTEA programako parte hartzaileak eta EMPACT i3 proiektuan Euskampuseko komunikazio bekadun izandakoak, bere esperientzia eta bere Gradu Amaierako Lana (GRAL) aurkeztu zituen. Haren ekarpenak, «Rompiendo barreras»: un reportaje radiofónico sobre la cooperación transfronteriza entre Euskadi y Nueva Aquitania izenekoak, komunikazioan jarri zuen arreta, lankidetza proiektuei ikusgarritasuna emateko eta emaitzak gizartera hurbiltzeko tresna gisa. Esperientzia horrek erakusten du unibertsitateko ikaskuntzak lankidetza errealei lotutako komunikazio produktuak sor ditzakeela eta lurraldeen arteko elkarlana ikusarazten lagun dezakeela.

Bestalde, Euskampusek posterren saioan parte hartu zuen, Miren Itxaso Etxebarriak (EHU) aurkeztutako «Leveraging multilingualism in challenge-based education: insights from the EMPACT i3 project» ekarpen zientifikoarekin. Mugaz gaindiko (Euskadi-Akitania Berria) EPACT i3 proiektuaren barruan, erronketan oinarritutako ikaskuntzaren testuinguruan hizkuntza aniztasunari eta praktika eleaniztunei buruz egindako ikerketaren emaitzak partekatzen ditu lanak. EPACT i3 EHUren eta Bordeleko Unibertsitatearen arteko Euskampus Bordeaux mugaz gaindiko campusaren esparruan garatu da. Ikerketak aztertzen du nola erabiltzen diren euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa hezkuntza ingurune horietan, eta zer funtzio betetzen duten hizkuntza praktikek hizkuntza gutxituen presentzian, inklusioan eta ikusgarritasunean.

Bi ekarpen horiek unibertsitatea, gizartea eta lurraldea lotzeko hainbat modu erakusten dituzte, hala nola mugaz gaindiko lankidetza proiektuen komunikazioa eta hedapena, eta ikaskuntza prozesu horietako dinamika eleaniztunei buruzko ikerketa.

Nabarmentzekoa izan zen, halaber, Cécile Cabassonen (irudian),  -Bordeleko Unibertsitatea- ekarpena. «Feeding innovation: how challenge-based education shapes talent in sustainable agri-food» komunikazioan aztertu zuen nola laguntzen duen erronketan oinarritutako ikaskuntzak nekazaritzako elikagaien sektore jasangarrian berrikuntza bultzatzeko behar diren gaitasunak eta talentua garatzen. EmPACT i3 proiektuaren baitako ekimena.

Era berean, EmPACT i3 proiektuaren baitan, Jose Mari Etxabek «Euskal Herria a través de la mirada de Wilhelm von Humboldt (1801)» posterra aurkeztu zuen, María Victoria Urruzolarekin batera egina. Proiektu horretan, Baionako Euskal Museoko erakusketa baten esparruan XIX. mende hasierako Euskal Herriko soinu paisaia birsortzen lagundu zieten ikasleei, garai hartako testuinguru historikoa eta kulturala publikoari hurbiltzeko.

CECILE CABASSON
JOSE MARI ETXABE

Ingurunearekin bat eginda ikastea eragin soziala lortzeko

Kongresuan partekatutako esperientziek agerian utzi zuten erronketan oinarritutako ikaskuntza benetako arazoak ikasgelara eramatea baino askoz gehiago dela. Lankidetzarako espazioak sortzea da, unibertsitateak eta gizarteak elkarrekin lan egin dezaten, ezagutzak eta ikuspegiak konbinatuz erronka konplexuei aurre egiteko.

Topaketari esker, argi geratu zen CBEk ikuspegi eta aplikazio ugari dituela, ikasleak beren ikaskuntzaren eragile aktibo direla eta erakunde, enpresa, administrazio publiko eta gizarte erakundeekiko itunak baliotsuak direla.

Trukerako eta hausnarketarako bi egun horietan funtsezko ideia bat nabarmendu zen: hezkuntza mundu errealeko erronkekin lotzeak aukera berriak ematen ditu, ikaskuntza esperientzia eta unibertsitatearen eta gizartearen arteko harremana eraldatzeko.

Partekatu

Euskampus Fundazioa-ren isotipoa

HARPIDETU NEWSKAMPUS-EAN

eta gure azken berriak posta elektronikoz  jasoko dituzu

Pribatutasun politika irakurri dut, eta onartzen dut.