• Albisteak

Kultura eta sormen-industriak sustatzeko Eusko Jaurlaritzak sortutako KSIGune klusterraren aurkezpen ofiziala

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailek Kultura eta Sormen Industriak bultzatzeko estrategia berri bat aurkeztu dute. Bi sailek KSIGune, Kultura eta Sormen Industriei (KSI) buruzko kluster bat  sortzeko elkarrekin lan egin dute

 

KSIgune Kultura eta Sormen Industrien klusterra da, sektorearen beharren araberako goi-mailako prestakuntza-, ikerketa-, berrikuntza- eta transferentzia-eremuetako jarduerak garatzeko tresna estrategiko gisa sortua.

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak eta Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikakoak Kultura eta Sormen Industriak (KSI) bultzatzeko estrategia berria aurkeztu dute gaur Tabakaleran. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako bi sailek Kultur Sormen Industrien inguruko KSIGune klusterra sustatu dute. Jakintza-gune hau sektore horretako unibertsitateetan, goi-mailako zentroetan eta ikerketa-zentroetan sortutako jakintzaren transferentzian hautemandako problematikari erantzuteko sortu da.

KSIGUNE-K
honako helburu dauka: Lankidetza estutzea 
sektoreko enpresen eta 
goi-mailako hezkuntzako arlo artean.

Euskadiko Kultura eta Sormen Industriek 15 sektore hartzen dituzte, sei azpisektore kultural (kultura-ondarea, ikusizko arteak, musika, edizioa eta inprimatutako bitartekoak, arte eszenikoak, ikus-entzunezkoak) eta sormenaren arloko beste bederatzi azpisektore (artisautza, arkitektura, publizitatea eta marketina, bideo-jokoak, eduki digitalak, diseinua, moda, hizkuntzaren industriak eta goi-mailako gastronomia).


2015etik, Euskadik Kultura Sormen Industrien pilotaje talde bat du, RIS3 estrategiaren barruan (Espezializazio adimendunerako Ikerketa eta Berrikuntza Estrategia) eta Europarekin lerrokatuta, izan ere, Eusko Jaurlaritzarentzat KSIen eremua ekosistema estrategikoa da Euskadirentzat. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak azpimarratu duenez, "alde horretatik, dena delako eremua sail batetik gertuago egoteaz gain, Jaurlaritzaren konpromisoa da estrategia horretan parte hartzea eta ekarpenak egitea. Hezkuntza Sailak hasiera-hasieratik lan egin nahi izan du, Euskadirentzat hain zabala eta garrantzitsua den Kultura eta Sormen Industriak indartzea eta sendotzea helburu hartuta ".Kulturaren Euskal Behatokiaren 2019ko datuen arabera, Euskadin Kultura eta Sormen Industriek 16.122 enpresa eta 48.161 lanpostu hartzen dituzte.

KSIek 16.000 enpresa baino gehiago hartzen dituzte Euskadin, eta 48.000 pertsona baino gehiago enplegatzen dituzte

Unibertsitatearen eta Kultura eta Sormen Industrien sektoreko enpresen arteko topagune berri bat sortzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Kultura eta Hizkuntza Politika Saila elkarlanean ari da 2020tik Tabakaleran gaur aurkeztu den KSIGunea aurrera ateratzeko. Foro honen bidez, Euskadiko Goi Mailako Hezkuntzako ikerketa-taldeen, KSIen (Kultura eta Sormen Industriak) eta euskal erakundeen arteko lankidetza sustatu nahi da, Zupiria sailburuak azpimarratu duenez, "Europan lehiakorragoak izateko, ikerketa eta berrikuntza gehiago sortzeko eta etorkizunera begira profesional gaituagoak izateko".

KSIGUNE klusterra Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Kultura Sailak eta Hizkuntza Politika Sailak zuzenduko dute, baina honako hauek osatuko dute: kultura- eta sormen-industrien eskaintza duten goi-mailako hezkuntza-zentroek, BDCCn integratutako sektoreak berak, Tecnaliak, Innobasquek, Gaiak eta Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritzak. Euskampus Fundazioa arduratuko da klusterra eta bere jarduerak kudeatzeaz eta dinamizatzeaz.

Informazio gehiago KSIGune web gunean.

 

 

Partekatu

Euskampus Fundazioa-ren isotipoa

HARPIDETU NEWSKAMPUS-EAN

eta gure azken berriak posta elektronikoz  jasoko dituzu

Pribatutasun politika onartzen dut.