En la imagen, Amaia Esquisabel, Directora Científica del Gobierno Vasco-Eusko Jaurlaritza con Igor Campillo, Director de Euskampus en la presentación del encuentro LTC Sarea, Le Connecteur, Biarritz.
- Albisteak
LTC Sarea, Eusko Jaurlaritzak mugaz gaindiko lankidetza zientifikoa indartzen
Eusko Jaurlaritzak mugaz gaindiko lankidetza zientifikoa indartu du “LTC Sarea Encounter 2026” topaketan
• Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saileko Zientzia Politikarako zuzendariak ireki du topaketa instituzionala
• LTC Sareak hamarkada bat darama lankidetza estrategikoa bultzatzen Euskadiren eta Akitania Berriaren artean
• Ekitaldiak Mugaz Gaindiko Lankidetza Laborategi (LTC) berri bat iragartzen du, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta Bordeleko Unibertsitateak bultzatua
Amaia Esquisabel Eusko Jaurlaritzako Zientzia Politikarako zuzendariak gaur goizean eman dio hasiera “LTC Sarea Encounter 2026” topaketari. Topaketa estrategiko horrek Euskadiko eta Akitania Berriko Mugaz Gaindiko Lankidetza Laborategietako (LTC) eta LTC Incubators laborategietako ikertzaile seniorrak eta juniorrak bildu ditu.
Irekiera instituzionalean Euskampus Fundazioko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek parte hartu dute eta iragarri dute Euskampus Fundazioak, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta Bordeleko Unibertsitateak elkarrekin sustatutako LTC berri bat abian jarriko dela. LTC Converther proproteinen konbertasa bidezko proteinen heltzearen azterketan zentratzen da –prozesu fisiologiko eta patologiko askotan esku hartzen duen entzima familia– eta horrek zahartzearen eta minbiziaren aurkako terapietarako izan dezakeen aplikazioan. Ikertzaile nagusiek, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Signaling Lab-eko ikertzaile Iker Badiolak eta Bordeleko Unibertsitateko Minbiziaren Angiogenesi eta Mikroingurunearen laborategiko zuzendari ikertzaile Abdel-Majid Khatibek laborategiaren ildo estrategikoak aurkeztu dituzte. Laborategi horrek bi eskualdeetan lehentasunezkoak diren eremuetan partekatutako gaitasun zientifikoak indartuko ditu.
Zuzendariak azpimarratu duenez, “mugaz gaindiko lankidetza gure garaiko erronka zientifiko eta sozial handiei ikuspegi partekatuarekin eta gogo berrituarekin aurre egiteko palanka estrategiko bat da –klima aldaketatik hasi eta trantsizio digital eta energetikoraino–”. Era berean, nabarmendu du ikerketarako agenda bateratuak finkatzeak aukera ematen duela “gaitasunak gehitzeko, bikaintasuna sortzeko eta Euskadi Europako eta nazioarteko ezagutza sareetan kokatzeko”.
Lankidetza zientifikoa birpentsatzeko gunea
Topaketaren solasaldi nagusiaren helburua mugaz gaindiko lankidetza zientifikoaren etorkizunari buruzko hausnarketa estrategikoa bultzatzea izan da, LTC Sarearen bidez hamar urte baino gehiagotan antolatutako lankidetza oinarri hartuta.
Lehen mahai-inguruak LTCek ikerketarako, prestakuntza aurreraturako eta talentua erakartzeko motor gisa duten zeregina izan du ardatz, eta eskualdeko indarrekin eta Europako lehentasunekin —RIS3 estrategiak edo Europako misioak, esaterako— bat datozen agenda zientifikoak nola diseinatu jorratu du. Era berean, prestakuntza eredu berritzaileak bultzatzeari buruz eztabaidatu dute, horien artean partekatutako agenda zientifikoei lotutako baterako doktoregoak, diziplinarteko programak eta mugaz gaindiko mugikortasun eskemak.
Testuinguru horretan, nabarmendu da LTCek zer gaitasun duten puntako ikerketa, trebakuntza aurreratua eta ibilbide profesional erakargarrien garapena lotzen dituzten bikaintasunezko ingurune gisa jarduteko, Euskadi-Akitania Berria mugaz gaindiko eremuaren nazioarteko ikusgarritasuna eta inpaktua indartuz.
Sare zientifikoetatik berrikuntza ekosistemetara
Bigarren mahai-inguruak lankidetza sareek partekatutako benetako berrikuntza ekosistemetarantz izan duten bilakaera izan du eztabaidagai. Parte hartzaileek aztertu dute LTCek nola areagotu dezaketen ezagutza berrikuntzarantz, ekintzailetzarantz eta eragin sozialerantz transferitzea, industria sarearekiko eta politika publikoekiko duten lotura sendotuz.
Nabarmendu dute LTCak funtsezko zeregina betetzera deituta daudela, unibertsitatearen, enpresaren, administrazio publikoen eta gizartearen arteko nodo estrategiko gisa, bi lurraldeen garapen ekonomiko eta sozialari lagunduz eta eskualdeen lehiakortasuna eta mugaz gaindiko kohesioa indartuz.
Nazioarteko lankidetzaren aldeko apustu estrategikoa
“LTC Sarea Encounter 2026” delakoak lankidetza eredu bat finkatzen du horrela, hots, bikaintasuneko ikerketa, prestakuntza aurreratua, talentua erakartzea eta inpaktua sortzea biltzen dituena, eta hori Eusko Jaurlaritzak zientzia, teknologia eta berrikuntzako euskal sistemaren nazioarteko posizionamendua indartzeko duen estrategiarekin bat etorriz.
Topaketa horrekin, Euskadik berretsi egiten du egituratutako, asmo handiko eta emaitzetara bideratutako lankidetza zientifikoarekin duen konpromisoa, gai izango dena lehentasunak aurreratzeko, baterako inpaktua maximizatzeko eta aktiboki laguntzeko Europa eta mundu mailako erronka handietan.
LTCei buruz gehiago jakiteko.
HARPIDETU NEWSKAMPUS-EAN
eta gure azken berriak posta elektronikoz jasoko dituzu