Euskampus Fundazioa "Iparralde 2040 bideari ekin, faisons route ensemble" aurrera begirako partaidetzazko prozesuaren testuinguruan elkarrizketatu du Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluak (iEHGK) mugaz gaindiko lankidetzarako ezinbesteko eragilea delako. Elkarrizketa horren ondorioak jendaurrean partekatu ziren Héllete erakundean, joan den abenduaren 13an.
Gure lankide Katixa Peigneguyri eman zaio Ipar Euskal Herriaren 2040rako ikuspegia bultzatzeko aukera, mugaz gaindiko campusaren dinamizatzailea eta lurralde horretan bizi eta finkatuta dagoen norbait delako, hain zuzen ere, 17 erakunderen ekarpenak laburbiltzen dituen fitxa honetan jasotako “Mugan bizitzea, mugarekin edo mugarik gabe” gaiaren harira.
Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseilua Iparraldeko gizarte zibileko eragileak federazioan biltzen dituen instantzia da. Horren xede dira aurrera begirako ikuspegia partekatzea, ez soilik erabaki politikoak hartzen dituztenekin, baita herritarrekin ere, lurraldeak aurre egin beharreko eztabaida eta erronketan parte hartzea gaikako hainbat batzorderen bitartez, politika eta ekimen publikoak bultzatzea eta jardunbide sozialen eraldaketan laguntzea.
Online kontsultatu daiteke “Iparralde 2040” gida osoa, euskaraz eta frantsesez, baita xehetasun gehiago biltzen dituzten gaikako fitxak ere, hemen dator horien zerrenda. Horietan jasota daude 2024ko urtarrila eta 2025eko abendua bitarteko tailerrek eta elkarrizketek osatutako prozesu parte-hartzailea bideratu duten lau erronka nagusiak: lurraldean bizitzea (Habiter), harrera egitea (Accueillir), zaintzea (Prendre soin), eta sortzea (Créer).
Azpimarratzekoa da Euskampusen eleaniztasunaren kudeaketa ulertzeko modua mugaz gaindiko campusean eta, beraz, Iparraldean:
"Mugaz gaindiko campusa hizkuntzaren oztopoa eta alderdi horrekin zerikusia duten aurreiritziak ezabatzen ahalegintzen da: eleaniztasuna (frantsesa, gaztelania, euskara) da hizkuntza komuna. Norbera ondoen menderatzen duen hizkuntzan mintzatzen da eta «beharra da legea".
Hizkuntza aniztasuna parte hartzaileei truke kultural eta linguistikoaz gozatzeko aberastasuntzat hartzen duen ikuspegi positiboa eta inklusiboa, hizkuntza gatazka edo oztopo gisa ulertzeko modua ezabatzea, erronka aberasgarri eta irekitasunaren aldeko apustu gisa barneratzea, komunitateari tresnak eta baliabideak emanez komunikazioa errazte aldera.
iEHGK-k adierazi duen moduan, izaera propositiboa duten emaitza baliotsu horien argitalpenak oso modu irisgarrian jasotzen ditu bai Iparraldeko —lurralde zabalago baten barruan lurralde giltzarritzat hartuta— erronken aniztasuna, bai horiei aurre egiteko bere baitan dagoen ikuspegi eta ahots aniztasuna. Era berean, denei zabaldutako eta elkarrekin egitera deitutako bidearen abiapuntua markatzen du.
Informazio gehiago Iparralde 2040 orrialdean.
HARPIDETU NEWSKAMPUS-EAN
eta gure azken berriak posta elektronikoz jasoko dituzu