Ezkerretik eskuinera: Denis Scaini, Ikerbasque ikertzailea; Martina Gruppuso, EHUko Farmazia eta Elikagaien Zientziak Saileko doktorego ondoko ikertzailea; eta José Luis Pedraz doktorea, NanoBioCel ikerketa-taldeko burua. | Argazkia: Nuria González. EHU

Albisteak
  • Albisteak

JRL Applied Pharma Devices ekimenak 3D bioinprimazioko gaitasun partekatuak garatzea sustatzen du

3D bioinprimazioak medikuntza birsortzailean bide berriak zabaltzen ditu, EHUren, Tecnaliaren eta ROVIren arteko lankidetzari esker

JRL Applied Pharma Devices ekimenak 3D bioinprimazioko gaitasun partekatuak garatzea sustatzen du, ehunen eredu berriak eta fabrikazio gehigarriaren bidez sortutako forma farmazeutikoak ikertzeko.

Ikerketatik aplikaziora: 3D bioinprimazioa lankidetzarako esparru gisa

Azken urteotan, medikuntza birsortzaileak aurrerapen handiak egin ditu, zelulak, ehunak eta organoak ordezkatu, fabrikatu edo birsortzeko aukera ematen duten teknologia berriei esker. Testuinguru horretan, 3D bioinprimazioa tresna itxaropentsua da egitura biologiko konplexuak erreproduzitzeko, bai gaixotasunen ikerketan, bai terapia berrien garapenean aurrera egiteko.

Euskadin, ikerketa-arlo horrek lankidetza-aukera berriak sortzen ditu unibertsitatearen, zentro teknologikoen eta enpresen artean. Horren adibide da JRL Applied Pharma Devices (APD) Joint Research Laboratory ekimena. EHUko NanoBioCel ikerketa-taldearen eta Tecnaliaren arteko ekimen bateratua da, eta helburu nagusietako bat bioinprimazioko zerbitzu bat sortzea da, organoen eta ehunen hiru dimentsioko egiturak zein fabrikazio gehigarriko teknologien bidez lortutako forma farmazeutikoak eskuratu ahal izateko.

JRL APD Euskampus Fundazioak urteak daramatzan lankidetza-eredu baten barruan kokatzen da. Eredu horren bidez, ikerketa- eta ezagutza-gaitasunak konektatzen dira, eta erronka zientifiko eta sozialei elkarrekin erantzutea sustatzen da.

«Hormarik gabeko laborategiak»

Joint Research Laboratories (JRL) delakoak hainbat erakundetako ikerketa-talde, sail, institutu edo dibisioen arteko lankidetza egonkorra sustatzeko formula dira.

Eredua 2016an jarri zuten abian lehen aldiz Tecnaliak eta EHUk, BCAMen parte-hartzearekin. Geroago, Euskampus Fundazioak JRLak Ezagutza Poloen Komunitatearen esparruko lankidetza-mekanismo nagusietako bat bihurtu zituen.

Laborategia espazio fisiko jakin batera mugatu beharrean, JRL batek «hormarik gabeko laborategi» gisa funtzionatzen du: lankidetza-programa egonkor bat da, hainbat erakunderen gaitasunak, azpiegiturak eta ezagutza partekatzeko aukera ematen duena.

Formula hori Euskal Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistemako beste erakunde batzuen parte-hartzeari ere irekita dago, eta kasu bakoitzeko ezaugarrietara eta erronketara egokitzen da. Bioinprimazioa, diabetesaren ikerketan aurrera egiteko Gaitasun horien potentziala erakusten duen adibideetako bat NanoBioCel ikerketa-taldeak garatutako lana da. Taldea José Luis Pedraz ikertzaileak zuzentzen du, eta ROVI Laboratorios Farmacéuticos enpresarekin lankidetzan ari da, IPCEI Med4Cure Europako proiektuaren esparruan.

Zehazki, NanoBioCel taldeak pankreako esferoideen kapsulazioan dihardu, bioinprimazio-teknikak erabiliz. Esferoide horiek laborategian hazitako pankreako zelulen hiru dimentsioko eredu txikiak dira, pankrearen antolamenduaren eta funtzionamenduaren zenbait ezaugarri erreproduzitzeko aukera ematen dutenak.

Horretarako, zelula ama pluripotente induzituak (iPSC) erabiltzen dituzte. Helduen zelulak dira, laborategian birprogramatu eta hainbat zelula motatan bereizteko gaitasuna berreskuratzen dutenak.

3D bioinprimazioak zelulen antolamendu espaziala kontrolatzeko eta haien ingurune naturala imitatzen duten biomaterialak eta euskarri-zelulak txertatzeko aukera ematen du. José Luis Pedrazek azaltzen duenez, teknologia horrek zelulen biziraupena, sare baskularren sorrera eta zelulek glukosarekiko duten erantzuna susta ditzake.

Helburua diabetesa ikertzeko eta farmako berriak ebaluatzeko eredu erreproduzigarriak lortzea da. Aldi berean, etorkizunean pankreako beta zelulak ordezkatzeko injertoak garatzeko izan dezakeen potentziala aztertzen ari dira. Zelula horiek intsulina ekoizten eta askatzen dute, odoleko glukosa-maila erregulatzeko.

Gainera, iPSC zelulek paziente bakoitzaren ezaugarrietara egokitutako ereduak sortzeko aukera ematen dute. Horri esker, alterazio genetiko jakin batzuek diabetean duten eragina ikertu eta estrategia terapeutikoak ebaluatu daitezke.

Azpiegiturak, lankidetzarako topagune

Lankidetza horrek Arabako Campuseko EHUren 3D bioinprimazioko unitatearen laguntza du. Unitate hori terapia aurreratuetako JRLaren parte da; laborategi hori Arabako Foru Aldundiak finantzatzen du, eta Tecnaliak ere parte hartzen du bertan.

Azpiegitura horrek erakusten du lankidetza egonkorreko ereduek nola laguntzen duten gaitasunak partekatzen eta unibertsitateko ikerketa industriaren eta gizartearen beharretara hurbiltzen.

Bestalde, NanoBioCel eta ROVIren arteko lankidetza LAISOLID proiektuan txertatzen da. ROVIk zuzentzen du proiektua, eta Garapen Teknologiko eta Berrikuntzako Zentroak (CDTI) finantzatzen du, Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren barruan, IPCEI Med4Cure programarekin lotuta.

Programa hori osasun-arloan interes komuneko Europako proiektu garrantzitsu baten (IPCEI) lehen ekimena da. Europako ikerketa- eta berrikuntza-gaitasun biomedikoa indartzea eta terapia aurreratuen garapena bizkortzea ditu helburu.

Gaitasunak konektatu, inpaktua sortzeko

JRL Applied Pharma Devices ekimenak agerian uzten du zein garrantzitsua den unibertsitatearen, zentro teknologikoen eta enpresen arteko lankidetza-esparru egonkorrak sortzea, ezagutza eta gaitasun osagarriak behar dituzten erronka konplexuei aurre egiteko.

Pedrazek adierazi duenez, EHUren ekarpenak agerian uzten du unibertsitate-ikerketak garrantzi estrategikoa duela 3D bioinprimazioan, ehunen ingeniaritzan eta medikuntza birsortzailean. Halaber, lankidetza mota horiek ezagutzaren transferentzia sustatzen dute eta ikerketa publikoak osasunean eragina izan dezaketen teknologien garapenean duen eginkizuna indartzen dute.

Gaitasunak konektatzea, azpiegiturak partekatzea eta ezagutza elkarrekin sortzea: horixe da JRLen helburua, «hormarik gabeko laborategi» gisa.

Ezagutu JRL guztiak.

Partekatu

Euskampus Fundazioa-ren isotipoa

HARPIDETU NEWSKAMPUS-EAN

eta gure azken berriak posta elektronikoz  jasoko dituzu

Pribatutasun politika irakurri dut, eta onartzen dut.